Ekonomia -

Kutxabank

Kutxen kontseiluak hautatuko dituzte gaur, Gipuzkoako zalantzarekin

Gipuzkoako Kutxak baliogabetu egin zuen gizarte alorreko kolektiboek aurkeztutako hautagaitza, Bilduren gertukoa, eta horrek prozesua nahastu du.

Gipuzkoako Kutxaren azken asablada. Argazkia: EITB
Gipuzkoako Kutxaren azken asablada.
Gipuzkoako Kutxaren azken asablada. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko aurrezko kutxek asanblada orokorrak osatuko dituzte eta administrazio kontseiluak hautatuko dituzte gaur. Bizkaian eta Araban, BBKn eta Vital Kutxan, argi dago zer aterako den, baina Gipuzkoan, azkeneko momentua arte ez da jakingo (16:00etan hasiko da batzarra).

BBKren eta Vital Kutxaren asanbladetan, 80 kidek aukeratuko dute administrazio kontseilua. Gipuzkoan, berriz, 79 kidek parte hartuko dute batzarrean, Bartzelonako ordezkariaren lekua hutsik geratu baitzen.

BBKn, EAJk ziurtatua du asanbladako 80 kideetako 41en babesa, eta horrela, gehiengoa izango du Kontseiluan eta Mario Fernandezek jarraitu ahal izango du presidente karguan.

Arabako Vital Kutxan, PPk 80 kideetako 32 ditu bere esku, eta EAJrekin lotutako akordioari esker, Fernando Aranguiz Gasteizko alkateordea izango da aurrezki kutxaren buru berria.

Polemika Gipuzkoan

Gipuzkoan dago zalantza handiena. EAJk, PSE-EEk eta PPk zerrenda bateratuak aurkeztea adostu dute, eta CCOO sindikatuaren eta Pixkanaka kolektiboaren babesa izan dezakete Kutxaren administrazio kontseiluan ezker abertzaleari aurre egiteko. Horrek zatiketa eragin dezake Gipuzkoako aurrezki kutxaren agintean.

Azken egunotan prozesua nahastu egin da; izan ere, Kutxaren hauteskunde-batzordeak gizarte alorreko kolektiboen izenean aurkeztutako zerrenda, Bilduren gertukoa, baliogabetzea erabaki du.

Zerrenda hori baliogabetzeko arrazoia hautagaitzako ordezko baten adinean dago, 70 urte baino gehiago dituelako, eta horrek administrazio kontseiluko kide izatea galarazten dio.

Hori horrela, euskal kutxen legearen arabera, Kutxaren presidenteak, Xabier Iturbe EAJren hautagaiak, beste hautagaitza bat aurkez dezake, eta horrek administrazio kontseiluaren kontrola eman diezaieke EAJ, PSE-EE eta PPri.

Iturbek ez badu zerrendarik aurkezten, 7na berdin dezakete administrazio kontseiluan.

Alderdiek aurreikusten dutenaren arabera, EAJ-PSE-PP sektoreak ziurtatuta ditu 7 kide administrazio kontseiluan (4 ezarleenak, bat Batzar Nagusienak, beste bat langileenak eta beste bat udalenak), eta ezker abertzaleak, berriz, zerrenda bat baliogabetu ostean, sei ditu ziurtatuta (2 ezarleenak, hiru erakunde fundatzaileengatik eta bat udaletatik).

Sektoreetako batek kontseilari berri bat izango du, udalen hirugarren ordezkaria, eta horretarako zozketa egingo dute.

Kutxabanken kontseilua

Era berean, kutxen administrazio kontseiluek Kutxabanken agintari berriak ere hautatuko dituzte. BBK-k 9 ordezkari izango ditu kontseilu horretan, Kutxak 4 eta Vital Kutxak 2.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea