Ekonomia -
Bruselak
Espedientea ireki diote Espainiari aireportuen tasen igoeragatik
Bruselak eskutitz bat bidali dio Espainiari eta Gobernuak bi hilabeteko epea du bertan egiten zaizkion galderei erantzuteko.
Erredakzioa
Europako Batzordeak arau-hauste prozedura bat hasi du Espainiaren aurka, AENAren aireportuetan konpainiek ordaindu behar dituzten tasen igoerengatik, bereziki Madrilekoetan eta Bartzelonakoetan. Tasen igoera uztailean sartu zen indarrean.
Bruselak eskutitz bat bidali dio Rajoyren Gobernuari (prozeduraren lehen urratsa) igoeraren arrazoiak eskatzeko eta aireportuetako kostuengatik justifikatuta dauden ala ez aztertzeko.
Hainbat konpainiak eta abiazioaren sektoreko elkartek salaketa jarri ostean iritsi da espedientea; izan ere, tasen igoerak ez ditu Europar Batasunaren araudiak errespetatzen, horien ustez. Gobernuak bi hilabeteko epea du orain Bruselaren galderei erantzuteko.
Espainiaren azalpenekin ados egon ezean, aireportuetako tasak aldatzeko eskatu eta auzia Luxenburgoko Justizia Auzitegira eraman dezake Bruselak.
Tasen inguruko Europako araudia 2009. urtean adostu zuten eta kalkuluak egiteko gutxieneko baldintza batzuk eskatzen ditu. Halaber, aurretik aireportuen eta konpainien artean kontsulta egitea eskatzen du.