Krisi Ekonomikoa -
Itxakoren babesle nagusia
Nafarroako Justizia Asfi Taldearen ustezko iruzurra ikertzen ari da
Iruzurraren zenbatekoa 2 milioi euro ingurukoa izan daiteke. Foru Gobernuak abian den ikerketa errespetatzen duela eta Justiziarekin kolaboratzeko prest dagoela iragarri du.
Erredakzioa
Nafarroako Justizia etxaldeen administrazioaz arduratzen den Asfi enpresa ikertzen ari da. Ustez, etxejabeen komunitateetako diruaz bidegabe jabetzea egotzi dio epaileak. Baliteke 2 milioi euro inguruko iruzurra egin izana.
Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak gaiaz hitz egin du, gaur goizean kazetarien aurrean. Bozeramaileak ikerketarekiko errespetua adierazi du, eta Justiziak hala eskatzen badu, Nafarroako Gobernua kolaboratzeko prest dagoela gaineratu du.
Gaia epaitegietan dagoela gogoratu du Juan Luis Sanchez de Muniainek, eta auzia epaileek ebatzi behar dutela gaineratu du.
Epaileak azken erabakia hartzen duenean “ikusi ahalko da kaltetuen benetako egoera zein den”, gaineratu du.
Asfi Taldearen egoerak Itxako eskubaloi taldeari nola eragingo dion ere galdetu diote kazetariek; izan ere, Asfi da Lizarrako taldearen babesle nagusia. Kasuko epaileak erabakitzen duenaren zain egon beharko dela adierazi du Foru Gobernuko bozeramaileak. Hala ere, ez du zehaztu Gobernuak Itxakoren egoera hobetzeko zerbait egiteko asmoa duen.