Krisi Ekonomikoa -
Soziometroaren azken inkesta
Beren ekonomiak txarrera egin duela uste dute euskal herritarrek
Inkestari erantzun diotenen % 79ren iritziz, EAEko egoera ekonomikoa 'txarra' edo 'oso txarra' da.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ostiral honetan eman ditu ezagutzera soziometroaren azken emaitzak. Horren arabera, euskaldunek egoera ekonomikoaz orain duten pertzepzioa ekainean zutena baino okerragoa da.
Inkestari erantzun diotenen % 79ren iritziz, EAEko egoera ekonomikoa “txarra” edo “oso txarra” da. Espainiako egoerari buruz iritzi hori bera dute % 96k. Krisi ekonomikoak herritarrengan duen eragina hazi egin da joan den ekainetik hona. Hala, 0tik 10erako eskalan krisiak zenbateraino eragiten dien adierazteko eskatuta, herritarrek batez beste 6 puntuko nota jarri dute; ekainean baino hiru hamarren gehiago.
Politikari dagokionez, besteak beste, eredu politikoaz galdetu diete herritarrei. Estatuaren antolaketa moduari buruz, inkestatuen heren batek gaur egungoa bezalako estatu autonomikoaren alde egin du, lautik batek nahiago luke autonomia erkidegoek gaur egun baino autonomia handiagoa izatea, eta beste horrenbestek (% 27) autonomia erkidegoei independentzia hautatzeko aukera eskainiko liekeen estatu baten alde egin dute.
Ikerketa hori egiteko, 2.254 galdeketa egin dituzte urriaren 1a eta 5a bitartean.
ETAren indarkeriaTerrorismoa arazotzat jo duten herritarren kopuruak behera egiten jarraitzen du (% 2); izan ere, datu hori inoizko baxuena da 2004an ikerketa horiek egiten hasi zirenetik. 2004an, galdetutakoen % 55ek jarri zuten ETAren indarkeria 3 arazo nagusien artean.