Krisi Ekonomikoa -
Nekazariak eta abeltzainak
Europako nekazaritza politikaren erreformaren kontra egin dute Iruñean
EHNE sindikatuaren ustez, "elikagai subiranotasunaren alde egin behar da, hemen ekoizten dena hemen kontsumitzearen alde".
Erredakzioa
Nafarroako nekazariek eta abeltzainek traktoreak eta animaliak kalera atera dituzte Nekazaritza Politika Bateratuaren (PAC) erreformaren kontra protesta egiteko eta sektorearen egoeraz kezkatuta daudela adierazteko, azken urteetan 3.000 nekazari profesional gutxiago baitaude.
Iruñeako kaleetan egindako martxa bost traktorek ireki dute, behiak, ardiak eta zaldiak atzean zituztela. Protesta EHNEk deitu du eta "Nekazaritza politika bidezko baten alde" lelopean egin dute.
Beste zenbait pankarta izan dira, "STOP espekulazioari" eta antzekoak. Martxa 12:15ean hasi da Antoniuttin eta handik Armadaren etorbidetik, Bakearen plazatik eta beste zenbait kaletik ibili da Gaztelu plazan amaitu arte.
Elikagai-subiranotasuna
2014ko urtarrilaren 1ean lege berria indarrean sartuko da, eta, manifestarien ustez, lege horrek "aurretik egindako okerrak zuzendu gabe uzten ditu, eta Europan milaka ustiakuntza desagertu egin dira, lehengaien espekulazioa bultzatuz. Lege berriak ez ditu nekazarientzako irabazi duinak sortzen, ezta kontsumitzaileentzako bidezko preziorik ere".
Egoera ikusita, EHNE sindikatuaren ustez, "elikagai subiranotasunaren alde egin behar da, hemen ekoizten dena hemen kontsumitzearen alde".