Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa
EAJk murrizketak egingo ditu Administrazio Publikoan
Bestalde, Egibarrek uste du badaudela "argumentuak" Gabonetako aparteko soldata "babesteko, eskumenei dagokionean, Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek egin duten moduan".
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren bozeramaileak iragarri du Eusko Jaurlaritza berriak murrizketak egingo dituela Administrazio Publikoan, eta funtzionarioei beste langileekiko "elkartasunez" jokatzeko eskatu die, lanpostuan duten "segurtasunagatik".
"Adostutako murrizketak izango dira, inposaketarik gabe, eta alor publikoan izan behar dira, zeren pribatuan enpresak ixten ari baitira eta pertsona askok langabezia saria ere ez dute jasotzen", adierazi du Egibarrek.
"Badaude argumentuak aparteko soldata ordaintzeko"
Bestalde, Egibarrek uste du badaudela "argumentuak" Gabonetako aparteko soldata "babesteko eskumenei dagokionean, Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek egin duten moduan". "Udal eta foru administrazioen kasuan, aldiz, desberdina da arauaren mailarengatik eta Legeagatik", gaineratu du.
Kutxan 'iruzurra' izan dela ukatu du
EAJren Legebiltzarreko bozeramaile eta GBBren presidenteak ukatu egin du Kutxako asanbladan "iruzurra" egin dutela, nahiz eta EH Bilduk horixe salatu, eta "babes bat bera ere ez lortzeko" gai ez izatea leporatu dio koalizio abertzaleari. Horren harira, Bilduk "harrokeria sobera eta umiltasun falta" izan duela uste du.
Egibarrek Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Bilduk, "ezker abertzaleak bereziki, bera izan baita Kutxako Asanbladan lidergoa hartu duena, ez da gai izan Asanbladan babes bat bera ere lortzeko", eta azkenean "EAJk sustatzen zuen zerrendak gainditu egin zuen Bildurena".
Egibarren arabera, Bildu koalizioak "harrokeria soberan eta umiltasuna faltan" izan ditu asanbladetan, eta horregatik ez du babesik eskuratu asanbladetan.