Frantzisko aita santua -
Konklabea
Elizaren eraberritzea, gai nagusia kardinalen hirugarren bileran
Oraindik ez dute zehaztu aita santu berria aukeratzeko bozketak abiatzeko data, eta bozketan parte hartu behar duten bost kardinal oraindik ez dira Erromara iritsi.
Erredakzioa
Konklabea abiatu aurretik, eta berau prestatzeko asmoarekin, hirugarren bilera egin dute asteazken honetan kardinalek Erroman, eta, bertan, Elizaren jarduna, egoera eta eraberritzea izan dituzte hizpide, Federico Lombardi Vatikanoko prentsa buruak baieztatu duenez. Lombardik ez du zehaztu hitzordu horretan 'Vatileaks' gaia jorratu duten ala ez.
Hala ere, hainbat informazioaren arabera, kardinal talde batek ikerketaren inguruko informazio guztia izatea eskatu du. Ildo horretan, AEBetako Francis George eta Donald Wuerl kardinalen ustez, 'Vatileaks' auzia mintzagai izango da bileretan, eta Raymundo Damasceno Brasilgo kardinalaren hitzetan, gainera, gaiak pisua izango du aita santua berria aukeratzeko orduan. Carlos Amigo Vallejo Espainiako kardinalarentzat, ordea, ''ez du garrantzirik izango''.
Bestalde, gaurko bileran oraindik ez dute zehaztu aita santu berria aukeratzeko bozketak abiatzeko datarik. Lonbardik esan du kardinalek ''sakon'' aztertu nahi dutela data, eta, hala, asteazken honetan bertan data hori zehazterik izango ote duten aurreratzeko ''goiz'' dela esan du. "Ez dago larritu beharrik'', gaineratu du.
Antonio Maria Rouco Varela Madrilgo artzapezpikua dagoeneko Erroman dagoela azaldu du Lombardik, baina, oraindik, bozketan parte hartuko duten bost kardinal heltzeke daudela argitu du. Izan ere, konklabea prestatzeko astearte honetan egin duten hirugarren bileran 110 ordezkari izan dira (115 dira guztira). Bozketen data zehazteko kardinal guztiak bertan egotea beharrezkoa dela esan zuen Angelo Sodanok, baina Lombardik gaur argitu du falta direnek data horretan bertan egoterik dutela baieztatuta nahikoa dela.
Asteazken honetan bilera berria egingo dute kardinalek.
Bi labe, estreinakoz
Estreinakoz, bi labe izango dituzte Kapera Sixtinoan, horietako bat bozketen txartelak erretzeko, eta bestea ke zuria edo ke beltza ateratzeko (ke zuriak aita santua berria dagoela iragarriko luke; eta beltzak, berriz, oraindik izenik ez dagoela).
Kapera Sixtinoa, itxita
Konklabea prestatu ahal izateko, astearte honetan dagoeneko itxi egin dute Kapera Sixtinoa.