Frantzisko aita santua -
Audientzia pribatua
Aita santuak Mahmud Abbas Palestinako presidentea hartu du Vatikanoan
Frantzisko eta Abbas pozik azaldu dira Vatikanok 'Palestinako Estatua'rekin hitzartutako akordioa dela eta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantzisko aita santua Mahmud Abbas presidente palestinarrarekin batzartu da Vatikanoan. Bilerak 20 minutu iraun du, eta 10:50ak aldera tokiko orduan (08:05 GMT) hasi da. Elkarrizketa aita santuaren Liburutegi Pribatuan izan da.
Abbas 11 lagunek osatutako taldearekin iritsi da bertara, eta agur beroa egin dio aita santuari. "Oso gazte ikusten zaitut", esan dio. Ondoren, elkarrizketa pribatua izan dute eta, geroago, oparien banaketa egin dute komunikabideen aurrean.
Abbasek erlikia batzuk eta errosario bat oparitu dizkio Frantziskori, eta horrek "Evangelii Gaudium"-eko apostulu-erreguaren ingelesezko ale bat eta domina bat eskaini dizkio. Domina hori, Bergoglioren arabera, "gerraren izpiritu maltzurra suntsitzen duen bakearen aingeruaren sinboloa da". Horren harira, aita santuak azaldu duenez, Abbasi oparitzea erabaki zuen lider palestinarra "bakearen aingerua" delako.
Batzarraren amaieran, gizonak besarkatu egin dira, eta "bihar elkar ikusiko dugu" esan dio Abassek aita santuari. Izan ere, bihar Vatikanoan izango den bi beata palestinarren kanonizazio-zeremonian bilduko dira berriro Abbas eta Frantzisko.
Bi Estatu
Frantzisko eta Abbas pozik agertu dira Vatikanok 'Palestinar Estatua'rekin hitzartutako akordioagatik. Halaber, Israelekin bakea lortzeko interesa azaldu dute biek ala biek.
"Bake prozesuari buruz hitz egin dute", esan du Vatikanoak zabaldutako ohar baten bidez, "eta zuzeneko negoziazioak berriro abiatzeko beharra azpimarratu dute, nazioartearen laguntzaz, bakearen aldeko erabaki ausartak hartu ditzaten".
Amaitzeko, "erlijioen arteko eztabaidaren garrantzia" nabarmendu du, Ekialde Hurbileko gatazkei aipamena eginda.