Gizartea -
Nafarroa
Gidari batek lau udaltzain zauritu ditu Iruñean, jazarpen batean
25 urteko gizonezkoak negatibo eman du alkohol eta droga probetan, baina atxilotu egin dute arduragabekeriaz gidatzea leporatuta.
agentziak | eitb media
25 urteko gizonezko bat atxilotu dute arduragabekeriaz gidatzea, atentatua eta kalteak nahita eragitea egotzita Iruñean izandako jazarpen batean. Guztira lau udaltzain zauritu ditu 4x4a gidatzen zuen gizonezkoak.
Polizia-iturrien arabera, 03:45ak aldera ibilgailu bat sartu da Udaletxeko plazan Santo Domingo aldapatik, eta bertan zaintza lana egiten ari zen Udaltzaingoaren ibilgailua jo du.
Orduan, agente batek gelditzeko esan dio, baina ez dio jaramonik egin, eta harrapatu egin du. Udaltzainak jauzi egin du, eta autoak metro batzuk aurrera bota du.
Ihesean joan da ibilgailua Mercaderes kalean barrena, ondoren, Estafetan sartu da kontrako eskutik (oinezkoak zeuden eta ihes egin behar izan dute), eta Amaia kaletik, Nafarroa Behereko etorbidetik, Merindadeen plazatik, Vianako Printzea plazatik, Oliveto Kondetik, Bakearen plazatik eta Armadaren etorbidetik aurrera egin du.
Azken horrek Pio XII.a etorbidearekin bat egiten duen puntuan Udaltzainen bi auto jarri dituzte 4x4a geldiarazteko, baina orduan ere autoak jotzea erabaki du gazteak.
Ibilgailua gelditzea lortu dutenean, gidaria indarrez atera, eta atxilotu egin dute. Gizonak negatibo eman du alkohol eta droga probetan.
Guztira lau polizia eraman behar izan dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko larrialdietara, eta izapideak amaituta, epailearen esku utziko dute atxilotua.