Iñigo Cabacas -
Cabacas auzia
Juan Calparsoro: 'Aurrerapauso esanguratsuak izan dira instrukzioan'
Auzia ebazteko "ahal den guztia" egingo duela hitzeman du EAEko Fiskal Nagusiak. Bestalde, "epaia bizkortzeko" eskatu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Calparsoro EAEko Fiskal Nagusiak adierazi duenez, "aurrerapauso esanguratsuak izan dira 'Cabacas auziaren' instrukzioan". Halaber, auzia ebazteko "ahal den guztia" egingo duela hitzeman du.
"Auzia guztiz argitzeko behar den beste jendeari galdeketa egitea eskatzen du gizarteak, beti ere errugabetasun presuntzioari erreparatuta", nabarmendu du.
Europa Pressi eskainitako elkarrizketan Calparsoro Iñigo Cabacas Athleticeko zalearen heriotzaren inguruan mintzatu da. Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, buruan Ertzaintzaren pilotakada bat jaso ostean. Fiskalaren iritzian, auzia ebazteko atzerapenak (instrukzioak hiru urte darama) "min handiagoa dakar gurasoentzat eta gainerako senitartekoentzat".
"Prozesua luzatu bitartean, badirudi Ertzaintza osoa eta haren jokabidea kolokan dagoela", esan du Calparsorok, "prozedura konplexua da, eta epailea lan sakona ari da egiten, baina instrukzioa azkartu daitekeela usted ut".
Joan den martxoaren 27an Bilboko Udalak Iñigo Cabacasi egindako omenaldian izan zen fiskala, Cabacasen gurasoak gonbidatuta. Calparsorok azpimarratu duenez, "giza-duintasun handia dute". Halaber, Ibon Areso alkatearen hitzak nabarmendu ditu, "justicia beharra" dagoelako. "Eskaera oso kontuan hartzen dut", gaineratu du.
"Norbait epaituko ote duten" ez daki Calparsorok, "instrukzioa Bilboko Instrukziozko 10. Epaitegiaren epailearen eta fiskalaren esku dagoelako". "Hala ere, nire eskuan egongo balitz, ikerketa bizkortu behar dela esango nuke", esan du.
Epaia bizkortzea eskatu du Erkorekak
Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Justizia eta Administrazio Publikorako sailburuak adierazi duenez, 'Cabacas auziaren' instrukzioa "ezin da gehiago luzatu". Hori dela eta, "epaia ahalik eta lasterren izatea" eskatu du, "jazoera argitzeko eta, atzerapen gehiagorik gabe, erantzukizunak zuritzeko".
Erkorekaren iritzian, epai-instrukzioaren luzapena ez dator bat "babes judizial eraginkorraren eskubidearekin". "Ez dakit zentzuzko denboraren muga gainditzen ari ote garen", gaineratu du.