Etxegabetzeak -

Espainiako legedia, ilegala

Erreakzioak: Alderdiek txalotu egin dute epaia

Alderdiek pozik hartu dute Bruselak etxegabetzeen legea legez kanpokotzat jo izana.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua

Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak iragarri duenez, Espainiako Gobernuak etxegabetzeak arautzen dituen legedia aldatuko du, Europar Batasunaren legedira egokitzeko, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako araudia legez kanpokotzat jo ostean.

Kongresuko korridorean Gallardonek adierazi duenez, oraindik ez du ebazpena zehatz-mehatz irakurri, baina araudia egokituko ote duen galdetuta, "noski baietz" erantzun du.

Kaleratzeak Stop

EAEko Kaleratzeak Stop elkartea pozik agertu da epaiarekin: "Epaiari esker martxan dauden kaleratzeak gelditu ahal izango dituzte epaileek".

Elkartearen esanetan, "orain PPren esku dago etxegabetzeei buruz Kongresura iritsi den herri ekimen legegilea onartzea".

PSOE

Inmaculada Rodriguez Piñero PSOEren Ekonomia idazkariak Espainiako Gobernuak "lehenago kasu egin ez izana" deitoratu du.

Prentsaurrekoan, Rodriguez Piñerak klausula neurrigabeen ondorioz abiatutako etxegabetze guztiak bertan behera uzteko deia egin dio Exekutiboari: "Epaiak arrazoia eman digu, hots, legeetan klausula neurrigabeak daudela".

IU

Alberto Garzon IUren diputatuak Europak "behingoz mugimendu sozialei arrazoia eman izana" txalotu du, eta orain "pilota Gobernuaren teilatuan" dagoela gaineratu du.

Gainera, Gobernuak Europaren gomendioak onartzea eta herri ekimen legegilearen "mamia mantentzea" espero duela esan du.

EAJ

Pedro Aspiazu EAJren Ekonomia bozeramailearen ustez, epaiaren ondoren bere taldeak zuzenketa hobeak aurkeztu ahalko ditu etxegabetzeen lege proiektuan, euren asmoa "klausula neurrigabeak" ezabatzea zelako.

EAJren ustez, "europarrak badagara, zuzen ezarri beharko dira Europaren aholkuak, hipoteka eskatzen duten herritarrek babes judizial handiagoa izan dezaten".

Amaiur

Rafael Larreina Amaiurreko diputatuaren esanetan, Bruselaren epaiak baieztatu egiten du Espainiako legea "bankuen interesen arabera" egin zutela.

Larreinak adierazi duenez, Amaiurrek berretsi egiten du Euskal Herriaren subiranotasunaren aldarrikapena, "lege bidezkoagoak" egin ahal izateko.

UPyD

Carlos Martinez Gorriaran diputatuak goratu egin du orain "ezinezkoa" izango dela etxegabetzeak "automatikoki" abiatzea.

"Epaia oso ondo dago, egungo sistemak zordunak babes gabe uzten dituela ebazten duelako", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea