Etxegabetzeak -
Gutxieneko distantzia
Bizkaiko Hipotekadunen Plataformak eskratxeak egiten jarraituko du
EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak babesik gabe uzten dituela iritzi dio plataformak, ez baitu protestak egiteko gutxieneko distantzia finkatzen.
Erredakzioa
PPko diputatuen etxebizitzen aurrean eskratxeak egiten jarraituko duela iragarri du Bizkaiko Hipotekadunen Plataformak. Halaber, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak babesik gabe uzten dituela iritzi dio talde horrek, ez baitu protestak egiteko gutxieneko distantzia finkatzen.
"Kalean ekintzak egiten jarraituko dugu gure eskariak entzun ditzaten, baina betiere ebazpena urratu gabe", azaldu dute plataformako ordezkariek. PPrekin biltzeko eskaera egin dute, baina ez dute popularren erantzunik jaso.
EAEko Auzitegi Gorenak ez du eskratxeak egiteko gutxieneko distantzia ezarri, eta, beraz, "litekeena da aldiro intimitate eskubidea urratzen dugula egoztea guri, nahiz eta kasu bakoitzean distantzia ezberdinera egin protesta", adierazi du Begoña Barrutia Bizkaiko Hipotekadunen Plataformako abokatuak.
Plataformak EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena errespetatuko du: "Gure helburua ez da inori eraso egitea, informazioa ematea baizik, zorra kitatzeko etxea ordainetan emateko legea eztabaidatzen dutenean informazio guztia izan dezaten".
Gutxieneko distantzia aldatu arren, beste eskratxe bat egiteko baimena eskatzeko asmoa du Bizkaiko Hipotekadunen Plataformak.