Etxegabetzeak -
Neurria
Desjabetzeak Nafarroara iritsi dira
Andaluziako Gobernuak egin bezala, bankuei etxegabetze prozesuan dituzten etxeak desjabetzeko legea onartuko du Nafarroako oposizioak.
Erredakzioa
Andaluziako Gobernuak etxegabetzeak geldiarazteko onartutako dekretua beste hainbat lurraldetara hedatzen ari da. Beste hainbat neurriren artean, bankuei etxegabetzeko zorian dituzten etxeak desjabetzea aurrez ikusten du dekretu horrek.
Hori horrela, Nafarroako oposizioko taldeek etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko lege bat sustatu zuten atzo Parlamentuan. Legeak Andaluziako dekretua du oinarri, eta UPN (agintean dagoen alderdia) eta PP baino ez dira aurka agertu.
Hain zuzen ere, bankuei etxegabetze prozesuan dituzten etxeak hiru urtez desjabetzea dute helburu. Hiru urte horietan, sendiak etxe horietan geratu ahalko dira, gehienez euren diru-sarreren % 25 ordainduta.
Gainera, hutsik eta agentzien esku dauden etxebizitzei zergak handitu nahi dizkiete, alokairuan jar ditzaten.
Ekimena premiaz izapidetuko dute, maiatzean indarrean sartu ahal izateko.
Euskadi
EAEn, Ezker Anitzak Andaluziako dekretua aurkeztuko du gaur.
Ezker Anitza Izquierda Unidaren barruan dago, eta alderdi horrek zuzentzen du Andaluziako Gobernuko Etxebizitza Kontseilaritza.
Urriaren 21eko hauteskundeetan, baina, Eusko Legebiltzarretik kanpo geratu zen.
Katalunia eta Madril
Andaluziako Gobernuak onartutako neurriaren eragina beste hainbat lekutara iritsi da. Katalunian, adibidez, Gobernuak isunak jarriko dizkie agentziei eta bankuei, etxebizitzak hutsik badituzte. Dena dela, ez dute desjabetzerik egingo.
Madrilen, Izquierda Unidak Andaluziako dekretua erroldatu du erkidegoaren Asanblean, baina ez du aurrera egingo, PPk gehiengo osoa baitu.
Testuinguru honetan, bankuak alderdien zorrak gauzatzeko prest agertu dira, Andaluziako Gobernuaren dekretua zabaltzen badute, hainbat hedabidetan publikatu dutenez.