Gizartea -
Anoetako belodromotik gertu
Emakumezko gazte bat hil da Donostian izandako auto-istripuan
Beste hiru gazte zauritu egin dira. Guztiak auto berean zihoazen ibilgailua errepidetik atera denean eta zuhaitz baten kontra talka egin duenean.
Erredakzioa
22 urteko emakumezko bat hil egin da igande gauean Donostian izandako auto-istripu larrian. Ibilgailuan beste hiru pertsona zihoazen eta horiek zaurituta daude. Autoa errepidetik atera da eta zuhaitz baten kontra talka egin du.
Istripua 20:50ean izan da, GI-20 errepidean, Anoetako belodroaren inguruan.
Autoa Irunerako noranzkoan zihoan eta, oraindik argi ez dauden arrazoiengatik, errepidetik atera da eta zuhaitz baten kontra talka egin du. Gidariaren ondoan eserita zihoan emakumezkoa, 22 urtekoa, autoan harrapatuta geratu da. Suhiltzaileek atera dutenean osasun langileek artatu dute baina emakumea hil egin da.
Beste hiru gazteek zauriak izan dituzte. Hirurek 19 eta 26 urte artean dituzte.