Gizartea -

Prestaketa lanak

Dena prest Donostian eta Bilbon San Tomas eguneko azokarako

Goizean aurkeztu dituzte aurtengo azokaren xehetasunak bi udaletako ordezkariek. Donostian herri kirol jaialdia egingo dute. Bilboko Udalak bestalde, segurtasun dispositibo berezia prestatu du.

Argazkia: EITB
Bilbao eta Donostia prest daude San Tomas azoka ospatzeko

1:24

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren ostiralean San Tomas eguna da, eta Euskal Herriko hainbat txokotan azoka eguna izango da. Astelehen honetan, aurkeztu dituzte Donostiako eta Bilboko azokak bi udaletako ordezkariek. Bilbon jende oldeak saihesteko segurtasun dispositibo berezia prestatu dute. Bestalde, Donostian herri kirol jaialdia egingo dute 13 urteko etenaren ostean.

Nerea Txapartegi Donostiako Kultura zinegotziak baserritarrez janzteko deia egin die herritarrei.

Donostian guztira 200 postu jarriko dituzte eta izango da zer ikusi eta zer erosi. Halaber, urtero bezala ezti, txorimalo, fruitu eta barazki lehiaketak egingo dira. Animaliak Okendo plazan izango dira ikusgai, baina eguneko protagonista nagusia, txerria, alegia, Konstituzio plazan egongo da 10:00etatik 20:00etara. Tomaxi du izena txerriak 360 kilo ditu eta Leitzako Arro baserritik joango da Donostiara.

Bestalde, aurten donostiarrek ohitura zahar bat berreskuratuko dute. Azken 13 urteetan ez da herri kirol jaialdirik izan San Tomas egunean. 13:00etan hasiko da herri kirol jaialdia Trinitate plazan, eta ,besteak beste, aizkolariak eta lasto altxatzaileak izango dira ikusgai.

Bilboko San Tomas ferian aurreko urteetan baino postu gehiago izango dira, 300 inguru guztira. Halaber, Bilboko Udalak segurtasun neurri bereziak hartu ditu jende oldeak saihesteko.

11:00etatik aurrera itxita egongo da Zingirakale, Erribera eta Areatzako zubiaren arteko esparrua ibilgailuentzat. Horregatik, Bilboko Udalak garraio publikoa erabiltzeko deia egin die herritarrei. Udalaren arabera, 100.000 lagun inguru elkartuko dira azokaren barrutian, eta, horregatik, 70 udaltzain ibiliko dira inguruetan, horietatik 20 kalez jantzitako udaltzainak izango dira, lapurretak saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea