Gizartea -
MAYEN EGUTEGIA
Munduaren bukaeraz ohartarazteagatik 500 pertsona atxilotuta, Txinan
Sektek mayen iragarpenaz baliatu dira jende kopuru handiagoa doktrinatzeko. Munduaren bukaeraz ohartarazi egiten dute kideen ondasunez jabetzeko.
Erredakzioa
500 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte Txinan, munduaren bukaeraz ohartarazten duten sektekin erlazionatuta. Azkena, “Jaungoiko Ahalguztidunaren Eliza” sektarena izan da; 400 atxilotu baino gehiago.
Sekta honetako kideen atxiloketa Qinghai probintzian egin da, nahiz eta herrialdeko beste puntu batzuetan ere ekintza polizialak egin diren.
“Jaungoiko Ahalguztidunaren Eliza” 1990. urtean sortu zen eta kristautasunari lotuta dago. Talde honek Jaungoikoaren helduera Txinara iragarri du, emakume itxuran.
Poliziak sekta oldarkorra dela adierazi du; kideak beraien ondasunak erakundeari ematera derrigortzen baititu. Gainera, erakundea utzi nahi dutenak hil egiten ditu.
Mayen egutegiaren inguruko sineskerak oihartzun handia izan dute mundu osoan. Txinan adibidez, sekten fenomenoa ikusi dugu, baina beste sektore batzuek ere aprobetxatu dute negozioa egiteko aukera. Enpresa askok salmentak areagotu dituzte edonolako tresnak eta ibilgailuak saltzen, munduaren bukaera saihestuko dutelakoan.