Gizartea -
Madrid Arena auzia
Leganesek La Cubierta itxi eta Urte Zaharreko festa galarazi du
Jesus Gomez alkateak La Cubierta zezen plaza ixtea erabaki du, gune horretan Udalak egindako ikuskapenaren ostean.
Erredakzioa
Jesus Gomez Leganeseko alkateak La Cubierta zezen plaza ixtea erabaki du, Urte Zaharreko festa bertan egitea pentsatuta zegoen arren, gune horretan Udalak egindako ikuskapenaren ostean.
Gomezek erabakiaren berri eman die Madrileko Batzordean bildu diren kazetariei, Cubietko plazan egindako ikuskapeneko txosten teknikoa ikertu eta gero.
Alkateak txosten hori eskatu zuen Miguel Angel Floresen (Madrid Arenan izandako ekitaldiaren bultzatzailea) asmoak zeintzuk ziren jakin ostean; Spacefest festa Cubiertara pasatzea.
Txostena ikertu ondoren, Jesus Gomezek esan du hamabost edo hogei egun eman ditzaketen neurriak hartu behar direla gune horretan, ondorioz, "ezin izango da bertan Gabonetako festarik ospatu".
"La Cubierta legez guztiz itxita dagoela esan dezakegu", azaldu du alkateak, eta leku horretan ikuskapenak egin diren lehen aldia ez dela gaineratu du. Halere, oraingo honetan, hutsuneak "askoz ere larriagoak" direla nabarmendu du, eta pertsonen biziak arriskuan jar daitezkeela adierazi du.
Ikuskapena hiru egunez egin zuten, eta aurrera egin zuen gunearen jabeak Madrid Arenako 'Thriller Music Park' ekitaldiko antolatzailearekin zerikusirik ez zuela esan ostean. Bost pertsona hil ziren azkeneko festa horretan.
La Cubiertak 12.859 pertsona hartu ditzake gehienez, eta Leganeseko Udalaren arabera, bertako segurtasuna enpresa kudeatzaileari dagokio; Udalak beharrezko ikuskapenak egin ditzake legea bete egiten dela ziurtatzeko.