Gizartea -
TIROKETA NEWTOWNEN
Bideo-joko bortitzek gazteengan duten eragina, eztabaidagai AEBetan
Connecticuteko tiroketaren ondoren, bideo-jokoek gazteengan duten eragina eztabaidagai bihurtu da berriro.
Erredakzioa
Bideo-jokoen industria eztabaidagai bihurtu da berriz, Connecticuten (AEB) izandako tiroketaren ostean. Jadanik, telebista eta zinemaren industriek beraien edukiak (norbaiten sentiberatasuna mindu ditzaketen edukiak) kendu edota atzeratu dituzte.
John Rockefeller Washingtongo senatariak bideo-joko bortitzek gazteen jokabidean zenbaterainoko eragina izan dezaketen ikertzeko eskatu du. Poliziak oraindik ez ditu hiltzailearen arrazoiak ezagutzen, baina hedabide batzuek Call of Duty gerra bideo-jokoan jolasten zela argitaratu dute.
Entertainment Software Association bideo-jokoen enpresak biltzen dituen elkarteak bere doluminak eman dizkie Newtowneko familiei. Halere, horren iritzian, beste eragile batzuk ere egon litezke tiroketa horren atzean.
Familia askok eskertu egin dute telebista eta zinema industriaren jarrera, baina neurri horiek mugagabeak izan beharko liratekeela deritzote.