Gizartea -
Gabonetako ordainsaria
EHUko 220 langilek ordainsaria abenduan jasotzeari uko egin diote
Dirua aurreratzea "ordainsaria jasotzeko oinarri juridiko nahikoa duen aukera bakarra" dela defendatu du Iñaki Goirizelaiak.
Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateko 7.000 langileetatik 220k 2013ko ordainsaria abenduan jasotzeari uko egin diote. Gabonetako aparteko ordainsaria kendu eta ordainketa konpentsatzeko erakundeak aukeratu duen formula da.
Iñaki Goirizelaia errektoreak defendatu duenez, "abenduan ordainsaria jasotzeko oinarri juridiko nahikoa duen aukera bakarra da".
Izan ere, unibertsitateko langile guztiek lan egoera bera ez dutela ekarri du gogora, hau da, batzuk Jaurlaritzaren eta beste batzuk Espainiako estatuaren langileak dira eta "egoera zail honek" beste erakunde batzuetan harturiko irtenbide bera hartzea eragozten duela gaineratu du.
Bitartean, Jaurlaritzaren ordainsariaren inguruan Auzitegi Konstituzionalak eman behar duen epaiaren zain jarraituko dutela azaldu du, "unibertsitateko lagun batzuk Jaurlaritzaren langileak direlako; irakasleak ordea, Estatuko funtzionarioak dira eta ikusi egin beharko da egoerari nola aurre egin", adierazi du.