Gizartea -
Polemika AEBetan
Neskato batek errebolberra aurkitu du Gabonetako bere oparien artean
Oparien banaketa adoptatutako haurrentzako ekimen baten parte zen. Ekimena bultzatu duen elizako erakundeak errebolberra oparien artean egotea "akatsa" dela adierazi du.
Erredakzioa
Natasha Brunson zortzi urteko neskato estatubatuarrak ezustea aurkitu zuen Gabonetako bere oparien artean: peluxezko hartza eta errebolber bat, alegia.
Oparia haur adoptatuentzako laguntza ematen duen elizaren erakunde batek eman zion. Shida Anderson Natasharen eta beste bost haurren amak zenbait poltsa jaso zituen New Yorkeko San Antonio elizak emanda, guztiak opariz beteta eta Haur Zerbitzuen Administrazioan jasotakoak.
"Kutxan peluxezko hartza zegoen eta neskak horrekin jolasean hasi dira. Baina zeozer gehiago zegoela ematen zuen, zeozer pisutsua. Beste haur bati kasu egiten hasi eta despistatu egin nintzen eta berriro neskei begira jarri nintzenean, Natashak errebolberra zuen eskuetan", esan du Andersonek.
Emakumeak abisua eman zion Poliziari eta agenteek arma konfiskatu zuten. Zorionez, errebolberra kargatu gabe zegoen. Poliziak ez du oraindik argitu arma nola iritsi zen oparien kutxara. Elizaren erakundeko ordezkariek, bestelde, gertatutakoaz oso kezkatuta agertu dira.