Gizartea -
Auzitegi Gorenaren epaia
Droga saltzeagatik ONCEko saltzaile bati jarritako zigorra, berretsita
Akusatuari ezarritako 4 urte eta erdiko espetxealdia berretsi du Auzitegi Gorenak. Gizonak drogak hartzen zituen noizean behin, eta 250 gramo kokaina zeramatzan atxiloketaren unean.
Erredakzioa
Droga-trafikoa egotzita Tordesillaseko (Valladolid) ONCEko kupoien saltzaile bati ezarritako lau urte eta erdiko espetxe-zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak. J.E.P.R. 2011ko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak. Atxiloketan unean, gizonezkoak 251,53 gramo kokaina zeramatzan. Halaber, 11.131 euroko isuna jarri diote akusatuari (ordaindu gabeko 200 euroko egun batean handituko diote espetxealdia).
Droga-trafikoa
Gizonak drogak hartzen zituen noizean behin, eta ONCEko kupoiak saltzen 1.200-1.500 euro irabazten zituen hilero. 'Otsokume' izeneko operazioa abiatu zuen Guardia Zibilak, eta saltzaile honen gaineko zaintza hasi zuen. 2011ko irailaren 8an Tordesillaseko Guardia Zibileko agente batek droga salerosketa ikusi zuen Honda Civic ibilgailu batean.
Akusatuaren autoa zela egiaztatu ostean, agenteak gizonezkoa identifikatu zuen, eta 251,53 gramo kokaina atzeman zizkion.
Etxearen miaketa
Ondoren, epailearen baimena lortuta, Guardia Zibilak gizonezkoaren etxea miatu zuen. Hainbat zuhaixken artean 96,29 eta 131,61 gramo kokaina zuten bi kaxa aurkitu zituzten. Halaber, etxean 57,41 gramo haxix, marihuana zatitzeko gailu bat, zigarroak biltzeko hiru makina eta paper-liburu bat konfiskatu zuten.
Droga hartzeak borondateari kalte egin ziola, eta ondorioz, hori zirkunstantzia aringarria izan beharko lukeela adierazi zuen akusatuak epaileen aurrean aurkeztutako helegitean, baina Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, "kontsumoak ez du inolako aringarririk ekartzen, are gutxiago noizbehinkakoa bada".