Gizartea -

Elkarrizketa

Azkuna: 'Saria bilbotarrena da, hiria eraldatzen jakin dutelako'

Munduko alkate onenaren saria jasotzeak "poza" eman diola berretsi du eta saria "bilbotarrena da, hiria eraldatzen jakin dutelako", adierazi du.

Iñaki Azkuna Bilboko alkatea. Argazkia: EITB
Iñaki Azkuna Bilboko alkatea.
Iñaki Azkuna Bilboko alkatea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2012. urteko munduko alkate onenarena saria jasotzeak "poza" eman dio Iñaki Azkuna Bilboko alkateari. Saria City Mayors Fundazioak eman dio, baina "bilbotar guztiena da", zehaztu du "eutsi egin diotelako eta hiria eraldatzen jakin dutelako".

Radio Euskadin hunkituta hitz egin du eta alkateen artean egindako hautaketa prozesua pasatzeko zortea izan duela eta saria bilbotarrena dela azpimarratu du.

Pertsonalki, "gaixotasunaren aurka borrokatzen ari naizen une honetan, bat-batean horrelako saria jasotzeak poz handia eman dit", adierazi du.

City Mayors fundazioak ematen duen sariaren helburua alkateen profila hobetzea eta alkateek "euren komunitateei eginiko ekarpen iraunkorrak eta herritarren ongizatearekin duten konpromisoa aitortzea eta goraipatzea" da.

''Espainiak duen arazoa alkateen soldata baldin bada, ken ditzatela alkateak''

Munduko alkaterik onena izendatua izan ondoren, tokiko administrazioaren erreformaren inguruko galderei erantzun die Azkunak Sevillan, eta ''Espainiak duen arazoa alkateen soldata baldin bada, alkateok ken ditzatela'' defendatu du.

Hala, alkateei soldata kendu behar baldin bazaie eta ''mileurista'' izan behar baldin badute, ''alkate izaten jarraituko'' dutela defendatu du Azkunak, ''familiari jaten emateko arratsaldez bere lanbidean aritu behar badira ere''.

Edonola ere, haren ustez, alkateak ez dira Espainiako tokiko administrazioak duen ''arazoa''. Azkunaren hitzetan, administrazio maila ezberdinen artean egun dauden ''bikoiztasun eta hirukoiztasunak'' dira arazoa.

''Elkarri gainjartzen zaien eskumen multzoa dute Gobernu zentralak, erkidegoek, diputazioek eta udalek, eta horrek milaka eta milioika euroko gastua dakar'', esan du Azkunak.

''Administrazioa argaldu behar da, jendea sobera dagoelako'', gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea