Gizartea -
Epaiketa Donostian
Urritasuna duen langile bat bortxatzeagatik nagusia epaituko dute
Gipuzkoako Fiskaltzak 23 urteko espetxe zigorra eskatuko du garbiketa enpresa bateko arduradunak ustez langile bat hainbatetan bortxatzeagatik.
Erredakzioa
Garbiketa enpresa bateko arduradunaren aurkako epaiketa hasiko da datorren hilean Donostian, urritasun psikikoa duen langile bati sexu-erasoa egiteagatik eta hainbatetan bortxatzeagatik.
Gipuzkoako Fiskaltzak 23 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du egozten zaizkion karguengatik. Halaber, Ministerio Publikoak 30.000 euroko kalte-ordaina eskatuko du, eta 27 urtetanbiktimarengana ez hurbiltzeko eskaera egingo du.
Fiskaltzaren behin-behineko txostenaren arabera, 2006. eta 2007. urteetan gertatu ziren erasoak. Akusatua enpresako arduraduna zen, eta biktima bertako langilea. Azken honek "adimen-urritasun arina du, eta % 33ko urritasun psikikoa; gainera, adimen-koziente oso baxua du".
Txostenaren arabera, 2006. urte amaieran, enpresako afari baten ostean, akusatuak emakumea Hondarribiko (Gipuzkoa) bazter batera eraman zuen. Bertan, "bere nagusitasunaz baliatuta eta emakumearen urritasunaz aprobetxatuta", bortxatu egin zuen ustez, nahiz eta emakumea erasoa eragozten saiatu zen. Gizonezkoak ordea, "lanetik botako zuela esanez mehatxu egin zion".
Bi egun geroago, akusatuak berriro bortxatu omen zuen; lantokian, orduan. Behin eta berriro gertatu zen ordutik aurrera, lantokian eta bertako komunetan.
2007. urteko uztaila bitartean hainbatetan bortxatu zuen emakumea, beti lanorduetan.
Fiskaltzaren txostenaren arabera, akusatua "enpresan zuen lanpostuaz baliatu zen eraso egiteko". Gainera, biktimaren ezezkoen aurrean, "hainbat zigor" jarri zizkion, horren esanetan.
Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Auzitegiak epaiketa hasiko du datorren hilabetean.