Gizartea -
Gizarte laguntzak
Arartekoak jasotako kexu kopurua % 50 igo da azken bi urteetan
Gizarte laguntzekin zerikusia duten kexuek gorakada handia izan dute azken bi urteetan, jasotzen ez dituztelako edo berandu jasotzen dituztelako, Lamarcak azaldu duenez.
Erredakzioa
Arartekoak iaz jaso zituen kexu kopurua % 50 igo da 2010. urtetik, Iñigo Lamarca Arartekoak jakinarazi duenez. Gizarte laguntzekin zerikusia duten kexuek gorakada handia izan dute azken bi urteetan, jasotzen ez dituztelako edo berandu jasotzen ditzutelako, Lamarcak azaldu duenez.
Lamarca Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentearekin bilera egin du gaur goizean, Herriaren Defendatzailearen Bulegoaren lanaren inguruan hitz egiteko.
Bilera bukatzean, Lamarcak agerraldia egin du, bileraren nondik norakoak azaltzeko. 2012ko Arartekoaren jardunaren inguruko txostena aste gutxi barru aurkeztuko duela azpimarratu du.
Bere bulegoak azken bi urteetan jaso dituen kexuak "izugarri" hazi direla nabarmendu du Iñigo Lamarcak. Horren hitzetan, etorkizunari begira ere, "ez du ematen egoerak hobera egingo duenik" eta Lanbidek aurrerantzean nola egiten duen lan ikusi beharko dela gaineratu du.
Krisiaren ondorioz, laguntza sozialen eskaera asko igo dela azaldu du Lamarcak. Kexek ere gora egin dute, gizarte laguntzetara jo behar izan duten herritarrek jarritakoen ondorioz.
Diru sarrerak bermatzeko errenta atzeratu edo murriztu delako edo ukatu dietelako jarri dituzte kexa gehienak. Etxebizitza ordaintzeko laguntza osagarria eskuratu ez dutenena ere igo egin dela azaldu du Arartekoak.
Aurreikuspen ekonomikoak kontutan hartuta, 2013an joera "beretsua" espero du Arartekoak. Lanbidek egingo duen lanaren arabera, kexak handitu edo gutxitu egingo direla adierazi du Lamarcak.
Bere egunean, Lanbideren "kudeaketa" ez dela egokia izan salatu zuen Arartekoak, eta enplegu sistema berrian "hobekuntzak" egitea proposatu zuen.
Gizarte laguntzak jasotzeko "denbora asko" igarotzen dela kritikatu zuen, eta, beste kasu batzuetan, "arrazoirik gabe", diru-laguntzak bertan behera uzten direla salatu zuen.