Gizartea -
Zientzia
James Watson Nobel sariduna, minbiziaren ikerketaren bidearen aurka
Minbiziak hartutako zelulak kimioterapiaren bidez desagerrarazteko prozesua oztopatzen dute antioxidatzaileek, James Watson DNAren ikerketan aitzindaria izan den Nobel saridunaren ustez.
Erredakzioa
Minbiziaren ikerketa oker egiten ari dira, James Watson DNAren ikerketan aitzindaria izan den Nobel saridunaren ustez. Duela gutxi argitaratu duen artikulu batean, antioxidatzaileak tratamendua jasotzen duten gaixoarentzat onuragarriak ez direla esan du Watsonek.
Gaur egun, fruten antioxidatzaileak erabiltzen dituzte kimioterapia edo erradioterapia hartzen ari diren gaixoekin. Watsonen aburuz, antioxidatzaileek minbiziak hartutako zelulak kimioterapiaren bidez desagerrarazteko prozesua oztopatzen dute.
Hori dela eta, Nobel saridunak gaur egungo planteamenduak aldatzea eskatu du. Hau da, minbizi mota desberdinek komunean dituzten ezaugarrien aurka egiteko modua ikertzeko eskatu du, batez ere, metastasia eragiten dutenen kasuan.
Laburbiltzeko, Watsonek ohartarazi duenez, jokaerak aldatzen ez badu, datorren hamarkadan minbiziaren aurkako ikerketak ez du aurrera egingo.