Gizartea -
Polizia operazioa
22 lagun atxilotu dituzte Donostian, pirateria informatikoa egotzita
Polizia operazioa hainbat enpresatan, mintzategitan eta ziberkafetan egin dute.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak 22 pertsona atxilotu ditu Donostian, pirateria informatikoaren aurkako operazio batean, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkariordetzak jakinarazi duenez.
Operazio horretan, gainera, beste sei pertsona ere atzeman dituzte, Atzerritarrei buruzko Legea urratzea egotzita.
Aipatu iturrien arabera, poliziek 25 enpresa, mintzategi eta ziberkafe miatu dituzte Gipuzkoako hiriburuan. Leku horietan, 200 ordenagailu, hainbat software eta aplikazio pirata eta "delitua egin zutela frogatzeko materialak" atzeman dituzte.
Ikerketa udan hasi zuten, hainbat establezimendu ordenagailuak eta programak erabiltzeko lizentziak urratzen ari zirela egiaztatu eta gero. Hain zuzen ere, negozio asko baimenik gabe ere hainbat sistema eragile eta aplikazio erabiltzen ari zirela ohartu ziren.
Atxilotuetako 11k Espainiako hiritartasuna dute, hiru Europako ekialdekoak dira, bat magrebtarra da, eta, gainerako zazpiak, hegoamerikarrak dira.
Operazioa egitean, hainbat lokal "legez kanpoko immigrazioa sustatzeko" ere erabiltzen ari zirela egiaztatu zuten agenteek, eta, ondorioz, beste sei pertsona atxilotu zituzten.