Gizartea -
Ingalaterra
'Isiltasun gela' jarri dute erosketak egin ostean meditatzeko
Selfridges saltoki handi ospetsuek gela berezi bat eskaintzen diete bezeroei, merkealdian erosi ostean meditatzeko eta erosketen zurrunbilotik aldentzeko.
Erredakzioa
Selfridges Erresuma Batuko saltoki handiek "Isiltasun gela" ("Silence Room") jarri dute merkealdian erosi ostean meditatzeko. Horrela, kosmetikoei, elikagaiei edo modari buruzko aholkuak emateaz gain, hausnarketa egiteko eta bakea bilatzeko txokoa ere eskaintzen diete bezeroei. Gela intsonorizatuta dago, eta oinutsik eta sakelako telefonorik gabe sartu behar da.
"Soinurik Ez" ("No Noise") kanpainaren baitan, "Isiltasun Gela" ireki dute urtarrilaren 11n, merkealdi garaian, eta otsailaren amaierara arte egongo da zabalik. Selfridgesen kanpainak hitzaldiak eta tailerrak ere eskainiko ditu barruko bakea bilatzeko. Gainera, produktu batzuei "markak kentzea" erabaki dute; hau da, bezeroak ez du erosten ari den produktuaren marka jakingo.
Harry Gordon Selfridgek, saltokien fundatzaileak, 1909an sortu zuen gela hori, baina duela 90 urte baino gehiago itxi zuen.
Orain, Alex Cochrane arkitektoak diseinatu du gela berria, eta, Gordonek egin zuenaren antza badu ere, gaur egungo beharretara egokitu dute.