Gizartea -

SGAE auzia

Ramoncin: 'Errugabea naiz kontrakorik frogatzen ez den artean'

Bihar bertan, haren abokatuak txosten bat aurkeztuko dio epaileari abeslariari egozten dizkion karguak artxibatzeko.

Ramoncin epailearen aurrean, SGAE auzian irregulartasunak leporatuta

0:30

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Ramon Marquez, Ramoncin, SGAE auzian inputatuta dagoen abeslariak Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean hitz egin du hiru ordu eta erdiz, ostiral honetan. Abeslariak jakinarazi duenez, "Zintzoa naiz, eta errugabea naiz kontrakorik frogatzen ez den bitartean".

Pablo Ruz kasuko epaileak bidegabe jabetzea, kudeaketa bidegabea egitea eta dokumentuak faltsutzea egotzi dio 2000tik 2007ra bitartean SGAEko kontseilari izan zen Ramoncin abeslariari.

Akusatuaren deklarazioa entzun ostean, inputazioa mantentzea erabaki du kasuko epaileak. Irteeran kazetarien aurrean hitz egin du Ramoncin abeslariak, eta jakinarazi duenez, bere errugabetasuna frogatzeko hainbat froga eta paper eman dizkio epaileari. "Ez dut ezer ezkutatzeko, eta, beraz, ez dut arduratuta egoteko arrazoirik", gaineratu du.

Salatu duenez, inputazioak kalte handia egin dio eta "behingoz, SGAErekin zerikusia duen guztia jazartzeari uzteko" eskatu du.

Bihar bertan, haren abokatuak txosten bat aurkeztuko dio epaileari abeslariari egozten dizkion karguak artxibatzeko. Teresa Bueyes abokatuak jakinarazi duenez, "laster" inputazioa bertan behera gelditzea espero du, "dena oso garbi gelditu baita bere deklarazioaren ostean". "Ramoncinek ez du deliturik egin, eta epaileak gaiaren inguruan zituen zalantzei erantzun die", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea