Gizartea -
15.000 euroko kalte-ordainak
Ginekologo bat zigortu dute gaixo bati minbizia ez antzemateagatik
Ginekologoak 15.000 euro ordaindu beharko dizkio urtebete geroago bularreko minbizia antzeman zioten gaixo bati.
Erredakzioa
Valentziako epaitegi batek 15.000 euroko kalte-ordaina emateko zigorra jarri dio ginekologo bati, gaixo bati bularreko minbizia baztertzeko froga nahikoak ez egiteagatik; izan ere, urtebete geroago antzeman zioten gaixotasuna.
Epaiaren arabera, medikuak ez zuen balizko bularreko minbizi baten aurrean martxan jarri beharreko protokoloa bete.
Salaketa 45 urteko emakume batek jarri zuen. 2008an ginekologoaren kontsulta pribatura joan zen eskuineko bularrean koskor bat zuelako. Medikuak 0,5 zentimetroko nodulu bat antzeman zion.
Hilabete geroago, zitologia negatiboa zela berretsi zion medikuak, nahiz eta urtebetera, beste kontsulta batean, tumore txar bat antzeman zioten, eta ondorioz, minbiziaren aurkako tratamendua egin behar izan zuen.
Adituen txostenaren arabera, ginekologoak ez zuen protokoloa bete eta 15.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio emakumeari.