Gizartea -
Epaiketa
AHTren aurkako lau ekintzaile epaituko dituzte Donostian
Dozena bat lagun elkartu dira gaur goizean Atotxako epaitegien aurrean epaituei elkartasuna helarazteko.
AHT abiadura handiko trenaren aurkako lau ekintzaile epaituko dituzte astearte honetan Donostian, 2010eko urtarrilaren 5ean Errege Magoen arropak jantzita Irungo Txingudi Merkataritza parkean egindako ekimen baten harira. Dozena bat lagun elkartu dira gaur Atotxako epaitegien aurrean epaituei elkartasuna adierazteko.
10:00ak inguruan hasi da kontzentrazioa "Elkartasuna ekintzaileentzat. Absoluzioa Errege Magoentzat" lelopean.
Elkarretaratzean banatu duten oharraren arabera, epaiketa irailaren 25ean egitekoa zen, baina bertan behera gelditu zen lekuko gisa deklaratu behar zuen ertzain bat agertu ez zelako.
Ohar bidez jakinarazi dutenez, Txingudin egindako ekimenaren helburua hainbat salaketa egitea zen, besteak beste, "kontsumismoa, egungo sistema ekonomiko zentzugabea, garapenaren eragin katastrofikoak eta AHTaren moduko proiektu oldarkorrak".
2010eko urtarrilaren 5ean Errege Magoz jantzitako lau ekintzaile hormigoizko bidoietara lotu ziren. Fiskalak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du akusatuentzat.