Gizartea -
Lan-osasuna
Hondakin toxikoak atzeman dituzte Portugaleteko Zalbidea enpresan
Euskadiko CCOO sindikatuak salatu duenez, enpresak berniza eta disolbatzaile hondarrak gordetzen ditu langileek dauden tokitik gertu.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak hondakin toxikoak atzeman ditu Barnizados y Lacados Zalidea enpresan, Portugaleten, Euskadiko CCOO sindikatuak jakinarazi duenez.
Orotara, 800 kg berniza gogorra eta erabilitako 800 litro disolbatzaile aurkitu dituzte.
Alfonso Rios Lan osasun eta Ingurumen alorreko CCOO sindikatuko ordezkariak jakinarazi duenez, produktu horietako asko enpresan bertan gordetzen zituzten, lanpostuetatik gertu. "Langileek hondakin horietatik datorren jarioa arnastu behar izaten dute lan egiten duten bitartean", gaineratu du.
Azaldu duenez, berniza eta disolbatzaile hondakinak lurrundu egiten dira tenperatura altuetan. Alfonso Riosen arabera, langileek ahalegin fisiko handia egiten badute, handiagotu egiten da arnasketa erritmoa, eta, beraz, gai toxiko gehiago arnasten dituzte.
Gas horiek arnastuta, luzaroan nerbio sisteman arazoak izan ditzakete langileek, eta, ondorioz, lan istripuak egon daitezke gas horiek sendagai batzuen antzeko eragina dutelako.
Enpresen gaineko kontrola areagotzeko eskatu du Alfonso Riosek, baita ixteko zorian dauden horietan ere, Barnizados y Lacados Zalbidea da horietako bat. "Enpresa itxi ostean ez dakigu hondakin horiek non geldituko diren, eta litekeena da horien ardura administratzailearen esku gelditzea", gaineratu du.