Gizartea -
Araba
Kartzela zigorra eskatu dute ertzain batentzat, borra-kolpe batengatik
Ustez ibilgailu baten gainean salto egiten ari zen gazte batek jaso omen zuen kolpea, bere burua identifikatzeari ezezkoa eman ondoren. Urte eta erdiko kartzela eta kalteordaina eskatu ditu Fiskaltzak
Erredakzioa
Arabako Fiskaltzak urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du Ertzaintzako agente batentzat, Gasteizen gazte bati borra-kolpe bat ematea egotzita. Ustez ibilgailu baten gainean salto egiten ari zen gaztea, eta ez zuen bere burua identifikatu nahi izan agenteek eskatu ziotenean.
Halaber, ertzainak gazteari 1.118 euroko kalteordaina ordaintzea ere eskatu du Fiskaltzak, borra-kolpeak ustez eragin zizkion lesioengatik. Fiskaltzaren arabera, ezkerreko orkatilan lotailu-bihurritua eta ''hematoma handia'' eragin zion kolpeak gazteari.
Idatziaren arabera, 2009an izan zen gertaera, Gasteizen. Hiru gazte ibilgailu batzuen gainean salto egiten ari zirela ohartaraziz deia jaso ondoren, kalez jantzita bertaratu ziren Ertzaintzako hainbat agente.
Agenteek ez zituzten gasteak ibilgailu gainean harrapatu, baina inguruan hiru gazterekin egin zuten topo. Lekukoek emandako deskripzioarekin bat egin zuten gazteen, eta identifikatzeko eskatu zieten. Hiru gazte horietatik bik ez zuten identifikatu nahi izan, eta ihes egin zuten, Fiskaltzaren testuak azaltzen duenez.
Gazteetako bat harrapatu egin zuten, baina hark kontra egin eta akusatutako agenteari zauri arinak eragin zizkion, idatziaren arabera.
Orduan atxilotuaren kideak agertu eta horietako bati desobedientzia falta inputatu zioten, aurretik identifikatzeari ezezkoa emateagatik.
Polizia operazioa bukatuta, Ertzaintzako agenteak gazteetako bati (ihes egiten saiatu ez zenari) kolpea eman zion eta zauriak eragin zizkion orkatilan, autoaren arabera.
Asteazken honetan egingo dute epaiketa.