Gizartea -
Euriak gutxituz joango dira
Ebroren emaria egonkortu egin da Tuteran
Euskadin arrisku maila jaitsi egin da. Igandeko zaparrada mardulen ondorioz, Zadorrak eta Kadaguak gainezka egin dute, baina etxebizitzetan kalterik eragin gabe.
Erredakzioa
Ebro ibaiaren hazkundea ez da iragarritakoa bezain larria izan eta azkenean uholde txiki batean geratu da. Ondorioz, Alde Zaharreko bi kale itxi behar izan dituzte, baina urak ez du aparteko kalterik eragin. Emaria jaisten hasi da arratsaldeko lehen orduetan, baina astelehen goizerako berriro gainezka egiteko aukera dago.
Nafarroako Gobernuak konfirmatu egin du egoera ez dela espero bezain larria, ez Tuteran eta ez Castejonen. Azken herri horretan ere Ebrok gainezka egin du eta ortuetan zenbait kalte eragin ditu. Hala ere, arreta gehiena beherago jarri dute, Ribaforadan eta Buñuelen, hain zuzen.
Tuterari dagokionez, igande goizean Prado Paseoa urez bete da, eta arratsaldean, berriz, Huerto del Rey eta Las Verjas kaleak itxi egin dituzte.
Ebrok herria gurutzatzen du eta erraza da alde zaharreko kaleak urpean geratzea, oso maila baxuan dagoelako. Gauzak horrela, duela egun batzuk bizilagunei arriskuaren berri eman zieten, eta leku ezberdinetan urari eusteko zakuak jarrita zituzten.
Ebrok gainezka egin du igande goiz honetan eta, horren ondorioz, N-113 (Iruña-Madril) errepidea itxi dute, 75 eta 77 kilometroen artean. Halaber, Kondeen Etxea eta Magantxako Iturriaren arteko bidea ere itxi dute.
Euskadin arriskua jaitsi dute
Euskadin, berriz, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Uholdeei Arriskuari Aurre Egiteko Plan Bereziaren maila jaistea erabaki du, 1. mailatik zero mailara, datozen orduetan euriak gutxituz joango direla iragarri dutelako.
Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, maila aldaketa horrek "zaintza eta egoeraren jarraipena" ekarriko du.
Halaber, Segurtasun Sailak abiatutako operatiboan "laguntza zoragarria" eskaini duten erakundeei eskerrak eman dizkie sailburuak.
Zadorra eta Kadagua, gainezka
Euskal ibaien ur-maila igo egin da gaua bitartean, azken astean izandako prezipitazioek eta, batez ere, azken orduko zaparrada mardulek lagunduta.
Horrela, Zadorra ibaiak gainezka egin du Forondako zonaldean (Araba), baina etxebizitzetan kalterik eragin gabe. Urumea ibaia alerta-mailara iritsi da (Ereñozuko zonaldean). Kadaguak ere gainezka egin du Alonsotegi eta Sodupeko hainbat puntutan.
Etxe bat hustu dute Plentzian
Plentziako Isuskiza auzoan txalet bat jendez hustu behar izan dute, luizi baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzalo Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Jazoera 09:00ak igarota izan da, etxe hauen ondoko lursail bateko zati bat lurrera erori denean. Hainbat txaleteko lorategiek eta bertara heltzeko errepideak kalteak jaso dituzte.
Udaleko teknikariak bertaratu dira, egoeraren nondik norakoak aztertzeko. Halaber, sarrera-errepidea itxita dago.
Hainbat errepide itxi dituzte
Errepideei dagokienez, itxita daude A-4302 errepidea Gasteiz inguruan, A-3302a Erriberagoitian eta Tresponde aldean, A-4010a Arratzuan eta A-4301a Gasteizen. Gipuzkoan N-324 errepidean lur-jausia izan da.
N-1 errepidea itxi egin dute igande arratsaldean, Etxegaraten, Iruneko noranzkoan, luizi baten ondorioz. Ondorioz, kamioien zirkulazioa A-15etik bideratu dute, Segurtasun Sailaren arabera.
Azken egunetan jausitako euriek hainbat luizi eragin dituzte euskal errepideetan, izan ere, igande arratsaldean N-634 itxi egin dute Elgoibar aldean, bi norazkoetan, errepidera harriak eta lurra jausi direlako.
Halaber, luizi baten ondorioz GI-2634 errepidea itxi dute Bidegoianen.
Eguraldiaren iragarpena
Arratsaldean atertzera egingo du eta ostarteak irekiko dira, baina argialdiak ez du asko iraungo, izan ere egun amaierarako beste fronte bat iritsiko da, eta euritara egingo du.
Elur-maila egun hasieran 800 m inguruan egongo da, baina egun amaierarako 1000 m-tik gora igoko da. Tenperatura maximoak 5-10 ºC artekoak izango dira