Gizartea -

KPI-AREN AZPITIK JARRIKO DA

Bizkaiko ordainsariek % 2 egin dute gora

Igoera AP-08 autobidearen, Artxandako tunelen eta metropoliaren hegoaldeko saihesbideen ordainsarietan izango da.

Supersureko ordainsaria. Argazkia: Efe
Supersureko ordainsaria. Argazkia: Efe

Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordainsariak % 2 egingo dute gora AP-08an, Artxandako tuneletan eta metropoliaren hegoaldeko saihesbidean, hilaren 1ean indarrean sartu baitziren 2013an azpiegiturok izango dituzten prezioen eguneratzea arautzen duten foru dekretuak. Urteroko KPIaren azpitik jarriko da gehikuntza, % 3,3 baita.

Horrela, bide-azpiegitura horien prezioek 1 eta 22 zentimo artean egin dute gora. AP-8an, esaterako, autobidearen tarterik luzeena kontuan harturik (sarbidetik hasi eta Gipuzkoako mugaraino tartea), ibilgailu arinen ordainsaria 4,06 eurokoa da (2012an baino 8 zentimo gehiago); I. kategoriako ibilgailu astunena, 9,86 euro (19 zentimo gehiago), eta II. kategoriako astunena, berriz, 11,12 euro (22 zentimo gehiago). 

Artxandako tunelei dagokienez, 1,5 euro ordaindu behar dute ibilgailu guztiek lanegunetan, eta 0,63 eta 0,73 euro artean jaiegunetan. Ondorioz igoera, lanegunetan, 0,02 eurokoa izango da, eta jaiegunetan, berriz, 0,01 eta 0,02 euro artekoa.

Azkenik, metropoliaren hegoaldeko saihesbidean, eta tarterik luzeena hartuz (Larraskitu-Trapagaran), lanegunetan darabilten ibilgailu arinek 0,02 euro gehiago ordainduko dute, eta asteburu eta jaiegunetan 0,01 euro gehiago. Ibilgailu astunek 0,07 euro gehiago ordainduko dute.

Deskontuak

Tarifa berriek ez dute aldatu orain arte aplikatzen zen deskontuen arautegia. Beraz, AP-8 autobidean, Zornotza-Durango edo Zornotza-Ermua bide-tarteetan dabiltzan ibilgailu arinei 0,80 euro itzuliko zaizkie bidaia bakoitzeko, baldin eta OBE edo Vía T txartela ordaintzerako orduan erabiltzen badute. 

Artxandako tuneletan, lehengo moduan utzi dira hilean 5 bidaia baino gehiago egiten dituztenen deskontuak; esate baterako, % 44ko deskontua hilean 31 bidaia baino gehiago egiten dutenentzat.

Metropoliaren hegoaldeko saihesbidean, % 13ko deskontua egiten zitzaien garraiolariei, OBE sistema erabiliz gero, eta berdin jarraituko du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea