Gizartea -

Espainiako Gerra Zibila

Deshobiratzeak biktimekiko konpromisoarekin lotu ditu Garitanok

Alderdi Popularrak biolentziaren hainbat biktimen aurrean “entzungor” egin izana leporatu dio Bilduri.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Argazkia: EITB
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi duenez, Gipuzkoako Diputazioak eta Donostiako Udalak Pradon de los Vascos deiturikoan (Asturias) egingo dituzten deshobiratzeak, bi erakundeok biktimekiko duten konpromisoarekin lotu behar dira.

Alderdi Popularrak hala eskatuta, Batzar Nagusietako Araudi, Erakunde eta Gobernu batzordearen aurrean hitz egin du Martin Garitanok Marina Bidasoro Gipuzkoako Diputazioko Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren zuzendariarekin batera. Agerraldian Aldundiak eta Donostiako Udalak adostutako hitzarmena izan dute hizpide. Akordio horri esker, Errepublikaren alde borroka egin zuten ia 100 gudari euskaldunen gorpuak deshobiratu eta Euskal Herrira eramango dituzte.

"Beren ilusioa lurperatu nahi izan zuten", ahaldun nagusiaren arabera. "Ezinbestekoa da memoria historikoa berreskuratzea, eta legearen eta justiziaren alde nortzuk borrokatu zuten jakitea", gaineratu du. "Historiako pasarte mingarriak ezkutatu nahi izan dituzte, eta ezin da historiaren irakurketa zintzoa egin, egia ezagutu gabe".

Bestalde, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lorturiko akordioaren berri eman du Marina Bidasorok.

Asturiasgo Areces herrian egingo diren deshobiratzeek 24.095 euroko aurrekontua dute. Halaber beste hainbat kontu egingo dituzte: Ondarretako kartzelari eta Gernikako bonbardaketari buruzko erakusketa, Espainiako Gerra Zibilaren garaiko liburu bat, eta Frankismoak jazartutako Donostiako Udaleko langileen gaineko ikerketa bat (20.500 euro).

Gipuzkoako Foru Aldundiak 50.000 euroko diru partida aurreikusi du lan horiek finantzatzeko.

Cristina Guerra PPko batzarkideak errespetua adierazi die Espainiako Gerra Zibileko biktimei eta horien senideei. Bestalde, biolentziaren hainbat biktimen aurrean “entzungor” egin izana leporatu dio Bilduri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea