Gizartea -
Iragarpena
Euskal kostaldeko herriak prest, ziklogenesiari aurre egiteko
06:00etan sartu da indarrean itsasaldeko arriskuari dagokion alerta laranja. Haizetea eta bost metrotik gorako olatuak espero dira.
Erredakzioa
Euskal kostaldeko herriek neurriak hartu dituzte astelehen honetarako aurreikusita dagoen ziklogenesiari aurre egin ahal izateko.
Gauzak horrela, Getxoko Herri Babeserako Sailak zenbait gune itxi egin ditu, zehazki, Arriluzetik Itsasargira doan pasealekua, Ereagako sarrerak eta Portu Zaharreko ingurua. Udaltzaingoak gune horiek zainduko ditu eta, batez ere astelehenari begira, kostaldetik ez ibiltzeko gomendioa eman du, baita Portu Zaharrean aparkatutako ibilgailuak kentzeko ere.
Kostalderako abisu horia gauerdian hasi da eta alerta laranja mailara igo da 06:00etan. Alerta horrek 12 ordu iraungo du, 18:00ak arte, izan ere, bost metrotik gorako olatuak iragarri dituzte.
Ziklogenesia kostaldean
Euskalmetek jakinarazi duenez, Atlantikoan ekaitz sakon bat sortzen ari da. Horrela, gurera helduko da astelehenean "tamaina izugarrizko ziklogenesia" bihurtuta.
Ziklogenesi horri 'Jolle' izena jarri diote, eta euskal kostaldeko olatuei bakarrik eragingo die. Litekeena olatuen altuera bost metrotik gorakoa izatea. Horren ondorioz, olatuek energia handiagoa izango dute, talka handiagoa eragingo du kostaldean apurtzean, eta kalte handiak sortzeko arriskua egon daiteke.
Halaber, marea biziak bereziki biziak izango dira, lau metrotik gorakoak, hain zuzen ere.
Olatu handiek tirain handia eragin ohi dute kaietako barnealdean. Hori dela eta, ontziak ondo lotzeko aholkatu du Segurtasun Sailak.
Nafarroan: errepideak itxita
Nafarroako bederatzi errepidek itxita jarraitzen dute, elurragatik, euriteengatik eta haizeteagatik. Bederatzi horietatik zazpitan zirkulazioa etenda dago eta beste bietan galtzada estutu egin dute (N-135, Iruñea eta Frantzia artea, 23. kilometroan; eta, NA-2012 errepideko lehen kilometroan).
Denboralearen ondorioz ere itxita daude N-113 errepidea Iruñea eta Madril artekoa, 75. kilometroan, eta Lizarra eta Olazagutia arteko NA-718 errepidearen 38. kilometroa ere itxita dago luzi batengatik.
Gainera, elurtearen ondorioz ondorengo errepideak itxita daude: NA-2012a, 8. kilometrorik aurrera, NA-176 errepidea 11. kilometrotik aurrera, NA-137 errepidea 47. kilometrotik aurrera, NA-2000 errepidea 1. kilometrotik eta NA-2011 6. kilometrotik.
Eguradiaren iragarpena
Astelehenean, orduek aurrera egin ahala, eguraldia arinduz joango da. Goizaldean eta goizeko lehen orduetan, zerua oraindik lainotuta agertuko da hodei maskalekin, batez ere ipar partean, eta euri langarra egin dezake. Eguerdirako ordea, giroa lehortuz eta hodeitza zulatuz joango da eta arratsaldean ostarte ederrak irekiko dira, batez ere hegoaldean.
Mendebaldeko haize zakarrarekin esnatuko da eguna, haizeguneetan ufada oso gogorrekin, baina arratsalderako hego-mendebaldera aldatuz joango da. Tenperaturak, apur bat galduko du. Goizaldean elur-kota 1000-1100 m inguruan mantenduko da.
Asteartean, giro eguzkitsua eta tenperatura goxatuz. Zeruan agertuko diren goi-hodei finek, apenas egingo dioten enbarazurik eguzkiari. Giro ederra eta hegoaldeko haizearen laguntzarekin, eguraldia zertxobait goxatuko da eta eguneko beroenak 15-18 ºC artean geldituko dira.
Egunsentia ordea, hotza izango da eta Araba eta Nafarroako hainbat txokotan izotza botako du eta behe-lainoa sortuko da.