Gizartea -

Inauteriak

Zubietako joaldunak Iturenera joango dira gaur, jaiari hasiera emateko

Asteartean, Iturengo herritarrek egingo dute Ituren eta Zubieta arteko joan-etorria.

Argazkia: EITB
Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zubietako joaldunak Iturenera joango dira astelehen honetan, urtetako ohiturari jarraituz. Egun osoan erritmo jakin batean astinduko dituzte joareak, izpiritu txarrak uxatzeko eta udaberriari ongietorria emateko.

Larrua, abarkak eta joareak soinean dituztela egingo dituzte joaldunek Zubieta eta Ituren arteko ia bost kilometroak.

Herri sinesmenaren arabera, joaldunek izpiritu txarrak uxatzen dituzte, eta joareen soinuak natura esnatzen du, negu gorria atzean utzita.

Bihar itzuliko diete bisita iturendarrek zubietarrei.

Leitzan eta Sunbillan jai-giroan

Asteburuan hasi dituzte inauteriak Leitzan eta Sunbillan. Joan den ostiralaz geroztik inauterietan izan dira Sunbillan, eta atzo hasi zituzten Leitzan.

Sunbillan atzo ospatu zuten inauterietako egun handia. Karrozen desfilea izan zen eguneko ekitaldi nagusia, eta hamabi bat karroza irten ziren guztira, urtean zehar izan diren gertakarien parodia eginez.

Leitzan ere hasi dituzte inauteriak. Herenegun eskean ibili ziren herritarrak eta atzo eguerdian gurdi-desfilea egin zuten. Hala ere, atsaureak dira protagonista Leitzako inauterietan, eta bihar aterako dira kalera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea