Gizartea -
Diru-laguntzak kendu dizkiete
Seaska: 'Funtzio publikoa diru publikoarekin egiten jarraituko dugu'
Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkarteak egindako deialdiarekin bat egin dute Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak, ikastola berria eraikitzeko Baionaren ezetzaren aurka protestatzeko.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta ELA sindikatuak Hendaian Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkarteak deitutako manifestazioan parte hartu dute, ikastola berria eraikitzeko Baionako agintariek eskainitako ezetzaren aurka protestatzeko.
Protestaren amaieran, Pascal Indo Seaskako presidenteak adierazi duenez, Iparraldeko ikastolek euren "funtzio publikoa diru publikoarekin egiten" jarraituko dute. "Iparraldean ikastolak eraikitzen jarraituko dugu, gure arbasoei, umeei eta euskarari zor diegulako".
17:20ean hasi da Iparraldeko ikastolen alde Seaskak deitutako manifestazioa Hendaiako tren geltokitik. Manifestazio buruan, 'Ikastola herri eskola' leloa duen pankarta.
Milaka manifestarien artean, zenbait pertsona ezagun izan dira; Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Laura Mintegi eta Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkidea, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua eta Pello Urizar EAko idazkari nagusia, besteak beste.
Halaber, Donostiako Udalak ohar baten bidez salatu duenez, 20 urtez indarrean egon den Iparraldeko Udalen eta Sehaska ikastolen federazioaren arteko ituna apurtu du Frantziako Administrazioak. Gauzak horrela, euskal hezkuntza-sistemaren aurkako eraso zuzena dela azpimarratu du.
Bestalde, ELA sindikatuak deialdiarekin bat ere egingo du. Sindikatuak adierazi duenez, Baionaren erabakiak " Hendaiako eta Iparraldeko gainerako ikastolen etorkizuna jarriko du arriskuan". "Ipar Euskal Herrian euskal hezkuntza bermatzen duten bakarrak dira bertako ikastolak", nabarmendu du ELAk, "eta horrek euskal nortasuna eta kultura garatzea ekarri ohi du".
Euskeraren etorkizuna
Jean Baptise Salaberry Hendaiako alkateak Euskadi Irratiari eskainitako adierazpenetan esan duenez, ostiralean Baionako suprefetarekin bildu dira baina Salaberryk aurreratu duenez,"ez da aurrerapenik izan".
Alkateak azpimarratu duenez, euskeraren etorkizuna Iparraldean kinka larrian dago. "Ipar Euskal Herrian hiztun berriak behar ditugu, euskarak aurrera egiteko, euskaldun berriak behar ditugu".
Bestalde, "espero dugu gaurko manifestazioa oso jendetsua izatea", adierazi dute Seaska Elkarteko iturriek, "oso inportantea baita". "Hilzorian gaude, ikastolak hilko dira", ohartarazi dute, "garapenerako behar dugun dirua ez daukagu, oso larria da".