Gizartea -
Atxilotu egin dute
Gidari batek txirrindulari bat jo eta ihes egin du Elorrion
Txirrindulariak larritasun maila ezberdineko zauriak izan ditu gorputz osoan. Gidariak, berriz, baimendutako alkohol-tasa hirukoiztu egin du.
Erredakzioa
Bergarako Ertzain-etxeko agenteek 45 urteko gidari bat atxilotu dute BI-2632 errepidean txirrindulari bat jo eta ihes egiteagatik. Atxilotuak alkohol-tasa hirukoiztu egin du.
Gertaera 16:30ak aldera izan da, Elorrio inguruan. Txirrindulari bat Elgetatik Elorriorantza zihoan kontrako noranzkoan zetorren auto bat bere erreian sartu eta jo egin duenean. Ondorioz, txirrindulariak kolpea hartu du babes-heziaren kontra eta zauri ugari egin ditu gorputz osoan.
40 urteko txirrindularia Arrasateko ospitalera eraman dute.
Auto-gidariak istripuaren lekutik ihes egin du, txirrindularia errepidean utzita. Minutu batzuk ondoren, Bergarako Ertzain-etxeko agente batzuek autoa geldiarazi dute Ubera auzoan, gidatzeko era arraroa sumatu diotelako.
Agenteek ikusi dutenez, 45 urteko gidaria edanda zegoela ematen zuen eta, txirrindularia harrapatu duela eta laguntzarik eman ez diola konfirmatu ostean, atxilotu egin dute zirkulazioaren kontrako delitua eta laguntza ez ematea leporatuta.