Gizartea -
Arrankudiaga
Lau zauritu, Bizkaiko errepideetan egin duten polizia jazarpen batean
Jazarpenarekin zerikusirik ez zuen ibilgailu bateko bi lagun eta Basauriko Udaltzaingoko bi agente zauritu dira. Basauri eta Laudio artean izan da jazarpena.
Erredakzioa
Lau pertsona zauritu dira astelehen honetan Arrankudiagan, zirkulazio-istripu batean. Ezbeharra Bizkaiko errepideetan izandako polizia jazarpen batek ekarri du, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
Basauriko Udaltzaingoko bi agente eta jazarpenarekin zerikusirik ez zuen ibilgailu batean zihoazen bi lagun dira zaurituak.
Ezbeharra 14:55ean izan da. Udaltzaingoko patruila BI-625 errepidetik zihoan, semaforoak gorriz zeudela igarota modu ausartegian gidatzen ari zen Opel Vectra auto bateko gidaria harrapatu nahian. Laudiorako norazkoan ihesean zihoan autoa, eta, bide horretan, beste bi ibilgailurekin talka egin du. Aurrera jarraitu du, baina.
Opel Vectra harrapatu nahian zihoala, Arrankudiaga parean, Udaltzaingoaren ibilgailuak jazarpenarekin zerikusirik ez zuen ibilgailu batekin egin du talka, eta lau lagun zauritu dira: 46 eta 51 urteko bi udaltzain eta autoan zihoazen 28 urteko bi lagun. Guztiak Galdakaoko eta Gurutzetako ospitaleetara igorri dituzte.
Azkenik, ihes eginda zegoen ibilgailua Ertzaintzak atzeman du, Laudion. 30 urteko gidaria atxilotu egin dute.