Gizartea -
Erregulazio berria
Etxebizitzen eraikinetan diskotekak irekitzea debekatuko dute Bilbon
Udalak Ostalaritzako Ordenantza aldatuko du, Eusko Jaularitzaren araudiarekin bat egiteko.
Erredakzioa
Bilboko Udalak pub eta diskotekak etxebizitzen eraikinetan irekitzea debekatuko du, eta tabernen, jatetxeen eta ostalaritzako gainerako lokalen ordutegiak moldatuko ditu Eusko Jaurlaritzaren araudiarekin bat egiteko.
Ibon Aresok Hirigintza saileko ordezkaria denetik hedabideekin egin duen lehen agerraldian azaldu duenez, Udal Plangintzarako Aholku Batzordeak etxebizitzen eraikinetan diskotekak edo pubak irekitzea debekatzeko araudia aldatuko du. Ekimenaren helburua eraikin horietako bizilagunek izaten dituzten "arazoak txikitzea" da.
Araudi berriak ez die dagoeneko irekita dauden lokalei eragingo, baina Udalak diskoteka horiei beste eraikin batzuetara joatea "erraztu" egingo dietela esan du Aresok. Horrez gain, tamaina handitzeko aukera ere emango diete.
Erabaki horrek Udalaren Osoko Bilkuraren onarpena beharko du, eta "uda ostean" sartuko da indarrean, Aresok iragarri duenez.
Horrela, Udalak Eusko Jaurlaritzaren araudiarekin bat eginez, alkoholik saltzen ez duten txokolategiak sartuko ditu lehen taldean. Igandetik ostegunera, 23:00etan itxi beharko dute, eta ostiral, larunbat eta jai bezperetan, 00:30ean.
Bigarren taldean, besteak beste, tabernak, jatetxeak, kafetegiak eta txokoak sartuko dituzte. Horiek igandetik ostegunera, 01:00ean itxiko dute, eta ostiral eta larunbatetan, 02:30ean. "Eguneko lokalak" atalean sailkatuta daudenek, berriz, 23:00etan itxi beharko dute.
Hirugarren taldean pubak sartuko dira. Astegunetan, 02:30era arte izan ahalko dira irekita, eta asteburuetan, 04:00ak arte. Diskotekek 04:30ean itxiko dute aste barruan, eta 06:00etan, asteburuetan.
Araudi berriaren arabera, ordutegiak udan eta jaiegunetan aldatu egin ahalko dira.