Gizartea -

Elkarrizketa

Arregi: 'Aita santuak eredu ona eman du berekoikeria nagusi den unean'

Aita santuak orientabideak emanez lan handia egin duela azaldu du Inaxio Arregik, "baina gobernuan beste ekimen batzuk falta izan zaizkio".

Inaxio Arregi Vatikano Irratiko albistegietako zuzendari ohia.
Inaxio Arregi Vatikano Irratiko albistegietako zuzendari ohia.
Inaxio Arregi Vatikano Irratiko albistegietako zuzendari ohia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inaxio Arregik Euskadi Irratian esan duenez, "aita santuak eredu on bat eman digu, hainbeste ustelkeria eta berekoikeria ikusten dugun mundu honetan". Vatikano Irratiko albistegietako zuzendaria izan zen Arregi 1986 eta 2006 urteen bitartean.

"Pauso handia izan da eta orain gauza berri asko egin beharko ditugu; ez dago horrelako esperientziarik", adierazi du.

Iazko martxoan hartu omen zuen erabakia Benedikto XVI.ak, Mexikoko eta Kubako bidaiaren ostean, baina "kapitainak galerna unean ezin duela itsasontzia utzi dioen esaera bezalakoa da", azaldu du Arregik erabakiaren berri urtebete geroago eman duela argudiatzeko.

Indarrik gabe eta bakarrik dagoela argitaratu dute hainbat komunikabidek. Ildo honetan, "aita santu baten bakardadearekin ni beti harrituta egon izan naiz", azaldu du. "Aita santua beti bakarrik geratzen da eta inguruan dauzkanek ere gehiegizko errespetua izaten diote. Azken erabakiak beti bakardadean hartu behar izaten ditu. Hau bereziki, bakarti samarra izan da, ez zuen zarata eta iskanbila maite", gaineratu du.

Elizak nolako aita santua behar duen galdetuta, Joan Paulo II.a "trumoi" bat izan zela esan du, "astindu egin zuen eliza". "Ondoren, gauzak bere bakera bueltatzea eta doktrina aldetik zuzentzea beharrezkoa zen", esan du.

"Benedikto XVI.ari humanista izatea leporatu izan zaio; teologo handienetako bat, baina ez da inoiz agintzen dakien gizona izan", nabarmendu du. "Doktrina zabaltzen lan handia egin du, baina bere dokumentuak ez ziren edozeinentzat", gaineratu du. "Lan handia egin du orientabideak eta argitasunak ematen, baina gobernuan beste ekimen batzuk falta izan zaizkio", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea