Gizartea -

Zaborren kudeaketa

Ekainean hasiko dituzte San Markos ixteko eta zigilatzeko lanak

Prozesuak 7 urte iraungo du eta 12 milioi euro pasatxoko kostua izango du. Etorkizunean parke bilakatu nahi dute zabortegia.

San Markos zabortegia. Argazkia: EITB
San Markos zabortegia.
San Markos zabortegia ixteko lanak ekainean hasiko dira

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Geroz eta gutxiago falta da San Markos zabortegia betiko ixteko. Ekainean hasiko dituzte Errenteriako zabortegia ixteko eta zigilatzeko lanak, San Markos Mankomunitateak gaur jakinarazi duenez. Prozesua luzea izango da, 7 urte iraungo du, eta 12,6 milioi euroko kostua izango du.

Denis Itxaso San Markos Mankomunitateko presidenteak eman du atzo eskualdeko batzar nagusiak hartutako erabakiaren berri.

Lurzoru guztia itxi eta zigilatu egingo dute ekainetik aurrera, bigarren fasean. Oraindik ez diote inori esleitu lana, hiru edo lau hilabetera egingo dute hori.

Lehenik eta behin hondakinak mugituko dituzte, eta lan horiek 10 hilabete eta erdiko iraupena izango dute. Ohartarazi dutenez, bizilagunentzako gogorra izango da, usaina zabalduko baita lanen fase horretan.

Zigilatze lan horien ondoren 5 urte itxaron beharko dute, eta denbora hori lurra egonkortzeko eta bolumena jaisteko baliatuko dute. Azkenik, 10 hilabete eta erdi beharko dituzte behin betiko lurra zigilatzeko eta birpopulatzeko.

Parajea kontuan izanda, etorkizunean, parke bilakatu nahi dute zabortegia.

2008tik ez da San Markosen zaborrik botatzen eta egun, Donostialdean biltzen dena, Sasietako, Lapatxeko eta Urtetako zabortegietan botatzen da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea