Gizartea -
Konstituzio Auzitegiaren ustez
Baliteke homosexual ezkongaien alarguntza-pentsioa legezkoa izatea
Berdintasun eskubidean oinarrituta eta Konstituzio Auzitegiak ebatzita, litekeena da ezkondu gabeko homosexualek alarguntza-pentsioa eskatzea eta hori legezkoa izatea.
Erredakzioa
Ezkondu gabeko bikotekide homosexualek alarguntza-pentsioa jasotzea legearen araberakoa ote den ari da Konstituzio Auzitegia aztertzen, berdintasun eskubidean oinarrituta. Homosexualen arteko ezkontza legezkoa egiteko legea 2005ean onartu zuten.
Gauzak horrela, urte hori baino lehenago ezkondu ezin zirela argudiatuta, bikote homosexualek alarguntza-pentsioa eskatu dezakete, eta baliteke Auzitegi Konstituzionalak horren alde egitea, berdintasun eskubidea urratu dela ebatzita.
Gizarte Segurantzak alarguntza-pentsioaren eskaerari ezetza eman zion Arturo F.L.ri. 40 urtez Manuel A.G.rekin bizi zen, eta heriotza unean, erretiroduna zen. Une hartan ezkontzeko aukerarik ez zegoela argudiatu zuen Arturok. Gizarte Segurantzak ezetza eman ostean, Arturok Konstituzionalera jo zuen.
Horren ondorioz, Gizarte Segurantzako Lege Organikoaren 174. artikuluaren legezkotasuna zalantzan jarri du Konstituzionalak, ezkondu ezin diren homosexualei ez dietelako alarguntza-pentsioa zuzenean ematen.
Auzitegi horren arabera, arau horrek "eskatzailearen joera sexualagatik bazterkeria ekarriko luke". Baliteke Konstituzioaren aurka izatea eta, ondorioz, auzia aztertu ostean Konstituzionalak hala erabakiko balu, arau hori baliogabe utziko luke.