Gizartea -
Sevillako Auzitegia
Hiru urteko espetxealdia, 12 urteko neskato bati abusuak egiteagatik
Zigorra gutxitu egin diote; izan ere, akusatuak, Ekuadorreko gizonezkoak, "Espainian jarrera hori delitua denik ez zekiela" argudiatu dute.
Erredakzioa
Sevillako Auzitegiak hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati 12 urteko neskato bati abusuak egiteagatik. Neskatoak osaba-izebekin pasatu zuen uda, akusatuaren senitartekoekin hain zuzen.
29 urteko gizonezkoak La Algaba herriko neskatoaren izeba-osaben etxean izan zituen sexu harremanak.
Efe agentziak argitaratu duenaren arabera, gizonezkoari zigorra gutxitu diote, "debeku akatsa" aringarri gisa ezarriz. Epaiaren arabera, akusatuak, Ekuadorreko gizonekoak, "denbora gutxi zeraman Espainian eta bere herrialdean, emakumeak hilerokoa izaten dutenetik, sexu harremanak ohikoak dira, nahiz eta oso gazteak izan".
"Ezjakintasun larria da, baina akusatuak ez zekien delitua zenik, bere herrialdeko pentsamoldean horrelako sexu harremanak ez baitute zigorrik", adierazi dute epaileek eta biktimaren amak, gainera, baldintza kultural hori berretsi zuela gaineratu dute.
Adingabearen amak salatu zituen abusuak, neskatoak kontatu ostean.
Hiru urteko espetxe zigorraz gain, 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio akusatuak neskatoari eta ezingo du gaztearengana hurbildu.