Gizartea -

Iruzurra

8 lagun atxilotu dituzte lan eskaintza faltsuak egitea egotzita

Oraingoz 14 kaltetu zenbatu dituzte, eta tartean EAEko jendea omen dago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez zortzi lagun atxilotu dituzte Malagan, lan eskaintza faltsuak baliatuta 150.000 euro baino gehiagoko iruzurra egitea egotzita. Antza denez, gigolo edo emakume dirudunen lagun gisa jarduteko iragarkiak argitaratzen zituzten egunkarietan eta webguneetan. Oraingoz, 14 kaltetu zenbatu dituzte, eta tartean EAEko jendea omen dago.

Poliziak 43 urteko emakume bat atxilotu du iruzurraren buru izatea egotzita. Tarifa bereziko telefono lineak ustiatzeaz arduratzen den Malagako sozietate bateko kudeatzailea da. Gainerako zazpi atxilotuak biktimekin harremanetan jarri eta hizketaldia ahalik eta gehien luzatzen ahalegintzen ziren, Malagako Poliziaren arabera.

Oraingoz, 14 kaltetu zenbatu dituzte Espainiako hainbat autonomia erkidegotan: EAEn, Madrilen, Alacanten, Jaenen, Almerian, Huescan, Cadizen, Ceutan eta Murtzian, besteak beste. Antza denez, iruzur horren bitartez 150.000 euro baino gehiago irabazi dituzte.

Atxilotuek emakume dirudunen laguntzaile gisa jarduteko langileak aurkitzeko iragarkiak jartzen zituzten. Horietan lanaren truke diru kantitate handiak eskaintzen zituzten, joan-etorria eta ostatua barne.

Interesa zutenek telefono zenbaki batzuetara deitu behar zuten, eta bertan bezeroekin harremanetan jartzeko kodeak jasotzen zituzten. Telefono operadoreak, baina, deia ahalik eta gehien luzatzen ahalegintzen ziren, Poliziaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea