Gizartea -
Helegitea aurkeztu du
PSOEk Konstituzionalera jo du, tasa judizialen aurka
Legea "neurrigabea eta bidegabea" dela eta babes judizial eragingarria izateko eskubidea urratzen duela uste du PSOEk.
Erredakzioa
PSOEk konstituziokontrakotasun-errekurtsoa aurkeztu du tasa judizialen legea-ren aurka, "neurrigabea eta bidegabea" dela iritzita.
Soraya Rodriguez PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak adierazi duenez, legeak "Zuzenbide Estatua urratzen du", auzitegietara jo ahal izatea "kreditu txartelaren araberakoa izatea" ekarri duelako.
Bozeramaile sozialistak prentsaurrekoa eskaini du Justizia Denontzat plataformako hainbat kiderekin batera. Elkarte hori hainbat abokatuk, sindikatuk eta kontsumitzailek osatzen dute, eta legearen aurka egiteko eskatu zion PSOEri.
Horren ildotik, Rodriguezek "gezurra esatea" egotzi dio Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroari, erreformaren helburua babes judizial eragingarria izateko eskubidea ez oztopatzea izango zela esan zuelako.
PSOEren bozeramaileak helegitea gizarte osoak nahi zuela nabarmendu du, eta fiskalak, epaileak, abokatuak, idazkari judizialak, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak legearen aurka agertu direla jarri du horren adibide.
"Une honetan, herritar askok ezin dute gauzatu babes judizial eragingarria izateko eskubide konstituzionala", salatu du Rodriguezek.
Halaber, demokrazia berriz ezarri zutenean, 1959. urtetik, hau da, diktadura garaitik, indarrean zegoen tasa judizialen legea indargabetu zutela gogorarazi du.