Gizartea -
Enplegu Azoka
Felipe printzeak enpleguari buruzko foroa irekiko du Donostian
Iñigo Urkullu lehendariarekin batera parte hartuko du Tecnun Ingeniaritza Eskolak antolaturiko foroaren inaugurazio ekitaldian
Erredakzioa
Tecnun Ingeniaritza Eskolak antolatutako enpleguari buruzko foroa inauguratuko dute gaur Donostian. Asturiasko printzeak eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin emango diote hasiera irekiera ekitaldiari.
Eguerdian hasiko da ekitaldia. Dantzariek aurreskua egingo diete agintariei, eta, ondoren, hitzaldia eskainiko dute unibertsitateko auditorioan. Segidan, enplegu azokako postuak bisitatuko dituzte.
Gaur eta bihar egingo da enpleguari buruzko foroa "Berrikuntza eta ekintzailetza, enpleguaren motorrak" lelopean. Unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez, ingeniaritza ikasketak egiten ari diren azken urteko ikasleen eta enpresen arteko elkargune bihurtuko da; izan ere, ikasleak enpresetako ordezkariekin batzartuko dira ikasketak amaitutakoan beraiekin lanean hasteko.
Bi mahai-inguru ere egingo dira gaur, eta horietan parte hartuko du Felipe printzeak. Lehenengo mahai-inguruan ikasketak amaitu eta ekintzaile bihurtu diren Tecnuneko ikasle ohiak izango dira protagonistak. Bigarrengoan, Ignacio Martin Gamesako presidenteak, Enrique Sendagorta Senerreko presidenteak eta Franhoffer Alemaniako Ikerketa Institutuko kide batek parte hartuko dute. Bi mahai-inguruetan berrikuntzaren garrantzia eta ekintzailetzak duen balio erantsia nabarmenduko dute.
Felipe printzea aurretik ere izan da inoiz Tecnun Nafarroako Unibertsitateko Campus Teknologikoan, 2006an Telekomunikazio eta Mikroelektronika gunea inauguratu baitzuen.