Gizartea -

Aisia

Euskadin gehien saldutako mahai jokoak

Catan eta Carcassone dira joko ezagunenak, eta dagoeneko Monopoly, Trivial Pursuit eta beste joko klasiko batzuen lekukoa hartu dute.

Catan mahai jokoa. Argazkia: Devir.
Catan mahai jokoa. Argazkia: Devir.
Catan mahai jokoa. Argazkia: Devir.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Catan eta Carcassone izan dira Euskadin eta Espainian gehien saldu diren mahai jokoak. Devir enpresaren bi ikurrak dira, eta salmenta zerrenda guztietan gailendu dira.

Krisialdietan jendea aurrezten eta beste aukera merkeago batzuk bilatzen saiatzen da, baita aisiarako ere. Dirudienez, ondo pasatzea bilatzen duenak bi aldiz erreparatzen dio bideo-joko bat erosteari eta mahai joko bat erostea hautatzen du, familiarekin zein lagunekin jostatzeko.

Joaquim Dorca Devir enpresako zuzendariaren arabera, "2012an enpresaren irabaziak % 15 igo dira. Bi arrazoirengatik izan liteke: horrelako jokoak inoiz baino erakargarriagoak direlako, eta krisi garaiotan familiarekin eta lagunekin jostatzeko produktua delako, arrazoizko prezioan".

Devir Brasilen sortutako enpresa da, eta Portugalen, Espainian, AEBetan, Txilen eta Mexikon egiten du lan, eta asko saldu diren bi joko kaleratu ditu: Catan eta Carcassone (20 eta 6 milioi ale saldu dituzte, hurrenez hurren). Biak 90eko hamarkadan sortu zituzten Alemanian, eta dagoeneko Monopoly, Trivial Pursuit eta beste joko klasiko batzuen lekukoa hartu dute.

Catan jokoan estrategia, abilezia eta negoziatzeko eta kudeatzeko gaitasunak behar dira baliabide natural ugari dituen uharte bat kolonizatzeko. Horretarako, besteak beste, herriak, hiriak eta ibilbide komertzialak eraiki behar dituzte.

Carcassone, bere aldetik, Okzitaniako Carcasona hiria eta inguruak irudikatzen ditu. Jokoak aurrera egin ahala, taula handituz doa. Hiriak, monasterioak, zelaiak eta bideak dituen lurraldea handituz doa, zaldunak, fraideak, bidelapurrak eta nekazariak agertu ahala. Hala, jokalari bakoitza bere eragina hedatzen saiatuko da ahalik eta puntu gehien lortzeko.

Aipatu bi jokoak handitu egin daitezke, "ezberdinak eta erakargarriagoak egiteko", azaldu du enpresaren zuzendariak.

Apirilean lehenengo jokoaren bertsio bat kaleratuko dute: Catan-Star Trek, saga ezagunera moldatuta. Izan ere, uztailean Star Trek sagako itzuleraren bigarren filma estreinatuko dute: Iluntasunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea