Gizartea -

Ablazioaren kontrako pausoa

Nafarroak emakumeen ablazioaren kontrako protokoloa jarriko du martxan

2008 eta 2011 bitartean Nafarroan bizi diren 203 neskato etorkinek jasan izan dute euren jaioterrira egindako bidaiaren batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak emakumeen ablazioaren kontrako protokoloa jarriko du martxan aurten. Izan ere, 2008 eta 2011 bitartean Foru Erkidegoan bizi diren 203 neskato etorkinek jasan izan dute euren sorlekura egindako bidaiaren batean.

Iñigo Alli Gizarte Politiken kontseilariak eman du ezagutzera gaur Nafarroako Jauregian. Izan ere, bertan genero indarkeriaren kontrako erakundeen akordioaren jarraipena egiteko batzordea bildu da.

Kontseilariak adierazi duenez, “zaila da” errealitate horri buruzko datuak izatea. Hala ere, aurreikuspenen arabera, 2008 eta 2011 bitartean 203 neskatok jaso dute, “euren sorlekura egindako opor bidai batean”. “Nafarroan bizi diren neskato etorkinak dira, eta euren jaioterrira joanda jaso dute tratu txar hori”, zehaztu du.

Gaitz hori ekiditeko protokoloa batzorde horretan aurkeztu dutela azaldu du Allik. Hala, Hezkuntza departamentutik hobekuntzak bultzatu nahi dituzte gizarte eragileen, Guardia Zibilaren, Udaltzaingoen eta Foruzaingoaren lana hobetzeko. Horretarako, horren inguruko informazioa bata besteari ematen ari zaie “Nafarroan emakumeen genitalak moztea ekiditeko”.

Aipatu protokoloa, besteak beste, hainbat gizarte erakundek, Osasun eta Hezkuntza Departamentuek eta Fiskaltzak egin dute, “euren jaioterrietara joaten diren neskek biolentzia hori jasatea saihesteko”.

Kontseilariaren arabera, ablazioaren eraginak “argiak dira, fisikoki eta psikikoki”. Horren harian, protokoloak “biolentzia hori jasan duten neskatoak artatzeko eta horiekin jokatzeko plan bat ere” hartuko du.

Bilera horretan parte hartu dutenak “prebentzioari eta bitartekotzari buruzko guztia hobetzen” saiatu dira. “Eragile guztiak modu egokienean formatzeko hobekuntzak dira, protokolo hau ezagutzeko eta ablazioa jasateko arriskua duten neskatoen aurrean zer egin jakiteko”, azaldu du.

Gazteen arteko indarkeria

Genero indarkeriari dagokionez, Allik bere “ezinegona” erakutsi du. Izan ere, Nafarroan “gazteen arteko indarkeria nabarmen areagotu da”. “Hori onartezina da. Horregatik, familian eta hezkuntza alorrean, gizarte osoak ehuneko ehun eman behar du genero indarkeria desagerrarazteko”, adierazi du.

2012an Nafarroan genero indarkeriaren inguruko 1.200 salaketa erregistratu zirela gogorarazi du kontseilariak. Hori dela eta, datuak “oso kezkagarriak dira”, horren esanetan, baina “gutxitu” egin direla nabarmendu du.

Bestalde, Allik genero indarkeriaren kontrako foru lege bat egiteko konpromiso sendoa erakutsi du. “Hori da erronkarik handiena, gizarte eragile eta pertsona guztiek berdintasunaren alde parte hartzeko, eta genero indarkeria saihesteko”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea